BI TARTE

«Zurekin gaude»

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Asteko erosketak mugatzeak kontsumitzaile patxadatsuago bilakatu nau halabeharrez, kontzienteago etxera sartzen dudan produktuaren eta ateratzen dudan zaborraren pisuaz. Zer behar dugu? Zer da behar izatea etxe bakoitzean? Orain eskularruak jantzita eta zerrenda banarekin joaten gara erosketak egitera, inpultsoak kontrolpean, gure hiriak hartu dituzten orein, lertxun eta basurdeak saihestuz zebra bideetan.

Denda barruan ezin dira hamar lagunetik gora egon aldi berean, denboran ere ezin gara gehiegi luzatu, eta ondo hautatu behar dira pasilloak. Arduratsu edo obediente, zer garen ezin jakin. Besteen orgatxoak gainbegiratzen ditut, beraien adina, eta elkar saihesteko edo elkarrekin hitz egiteko dugun premia detektatzen saiatzen naiz begiradetan; orain utzi espazioa berari pasten eta arrozen korridorean, zoaz zu jogurtak hartzera, gero itzuliko zara hona.

Zenbat marka desberdin dauden produktu berarentzat... Aukera berdintasuna deitzen zaio baina, bai? Marka ezagunak, ezezagunak, zuriak, beren osagai, alergeno, barra kode eta konfiantza transmititu nahi duten diseinuz; konbentzitzeko sortuak, aukera askatasunaren korridore fluoreszentetsu honetan.

Zelan iritsi da gauzatxo hau honaino, eta zergatik eraman beharko nuke etxera? Zer dago 2,99 eurotik 4,70era bitartean, nortzuk daude, zenbat baserritarri egin diete xantaia, zer defendatzen dute, beraiek erosten ote dute ekoizten duten hau, zenbat langile, zenbat nagusi, non bizi ote dira, zer leihotatik begiratzen ote dute orain kalera, eta zer leihotatik bizitzari? Zergatik jartzen du «orain alkoholik barik», «orain palma oliorik barik», «orain amoniakorik barik», «orain aluminio barik», eta, gainera, garestiago saltzen dute gabezia hori? Horrek esan nahi du orain arte bazeramatzala gauza horiek guztiak, ezta? Eta guk berdin ordaintzen genuela pozoia. Orain pozoirik bakoa nahi baduzu, ordaindu gehixeago. Merkeagoa ere badaukazu aukeran, baina errudun sentitu beharko zenuke zure familiari hori ematearren. Sinplea da. Nahi nuke etiketa bat dioena: «Orain aluminio barik, barkatu, har itzazu denak debalde, enpresa honetan 30 urte daramatzagu jendea gaixotzen». Baina ez, hau merkatua da, adiskide: pertsonen babesgabetasuna interes pribatuen aurrean.

Eta txundigarria izan da merkatuaren mutazio gaitasuna ikustea isolamendu honetan ere. Egun gutxitan enpresa mordo batek garatu zuen etxerako banaketa zerbitzua, eta hori iragartzeko spotez bete zen telebista segituan. Gure etxeetako zirrikitu guztietatik sartzen saiatzen ari dira, hain likido, hain moldagarri, Amazoneko kaxa forman zein sare sozialetako promozio pertsonalizatu gisara, onartu dituzun eta ez dituzun cookie guztien ondorio. Badakite etxean zaudela, eta badakite zein (xede-talde) zaren.

Telebistako iragarkiek norabide berri bat hartu dute azkenaldian (zelan eta zer baldintzatan ekoitzi diren ere jakin nahi nuke). Badirudi ohartu direla gure beharren berrantolaketa bat egin dugula itxialdian, eta zenbait ondasun eta zerbitzuk ez dutela inolako zentzurik orain. Hortaz, hartzailea hunkitzea bilatzen duten gabon kutsuko spotak hasi dira egiten, zer saldu nahi dizuten amaierara arte asmatu ezin duzun horietakoak: zuri-beltzeko plano intimoak, irribarreak, agure bat eta ume bat, domeka arratsaldeetako nostalgia, esaldi inspiratzaileak...Eta, bat-batean, enpresaren izena, bum: banketxe bat, edo aseguru etxe bat, edo auto marka bat, edo telefono konpainia bat bestela, zuri inoiz ez lizukeena halako ezer transmitituko, baina beraiek nahi dute zuk elkartu ditzazun zure garunean beraien izena eta emozio konkretu hori, batez ere orain.

«Zurekin gaude une latz hauetan» esaten dute, baina berez diotena da «hemen gaude, gure merkatuko posizionamendua mantendu nahian, eta egoera honi ere etekina ateratzen saiatuko gara». Alde batetik higuintzen naute, orain jendearen babesgabetasuna inoiz baino handiagoa delako zentzu askotan, baina barre txikiak ere ihes egiten dit: erritmoa jaitsi dugunetik askoz argiago ikus dezakegulako nork behar duen nor benetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA