BI TARTE

Lehen aldi bat (berriro)

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Marta Carnicero idazle katalanaren El cielo según Google liburuari tolesdura bat gehitu nion duela gutxi laurogeita batgarren orrialdean. Eleberri laburra izanagatik ere, paperean zehar egindako zeinu kopuruak irakurri ahala, eragin didan astinaldiaren luzera eta sakonera iradoki ditzakeela uste dut.

Orrien goialdeko izkinak tolesteko joera handia izan dut betidanik. Behealdeko izkinak doblatzeak, aldiz, beste zerbait adierazten du lerro hauek argitara eman arte behintzat neuk soilik ulertzen nuen ikur-sistemaren baitan. Noizbait nahitaez bertara itzuli beharreko hitz, lerro edo pasarteak markatzen ditut horrela. Behin irakurri eta, sorginduta bezala, denbora zehaztugabe batez bertan pausatzera behartu nautenak bereizten ditut modu horretan.

«Sentimendu baten oroitzapena memoriak berridatzi eta idealizatzen duen faksimile bat da». Pausa. Behealdetik tolestutako laurogeita batgarren orrialdean, erdi parean ageri da behin eta berriro irakurri behar izan dudan esaldia, arkatzezko azpimarra oker samar bat nahikoa ez zela iritzi eta gezitxo batek seinalatzen duela.

«Sentimendu baten oroitzapena memoriak berridatzi eta idealizatzen duen faksimile bat da». Pausa. Guk hiru hilabete baino gehiago igaro ditugu aditzak lehenaldian deklinatzen, faksimile horien hondarretatik bizitzen.

Originaltasun gehiegi gabeko elkarrizketatzaileek sarritan itaundu izan digute gure lehenengo aldi hari buruz. Nolakoa izan zen; non eta noiz, norekin... Sekula ez dut jakiten beti egiten dizkiguten galdera horiei zein erantzun eman. Gogoan daukat, ordea, nire azken aldia martxoaren hamarrean izan zela, astearte buruzuri ustez normal batean, eta handik gutxira, zulo beltz erraldoi batek irentsi zituela nire agendaren barrunbe guztiak.

Gaur berretsi dut zein zen zulo beltzaren dimentsioa, bitarte honetan ahantzarazi didan guztia berriro ere nire azalean sentitu dudanean. Oholtzara igo behar nuen aldiro izan ohi zen bezala, urduritasun arraro batek esnatu nau goizean. Pozik jaiki naiz gaur. Inolako nagirik gabe egin dut jauzi ohe ertzetik.

Badaezpada, dutxa azpian ziurtatu nahi izan dut ez zaidala errimatzen ahaztu. Mamuak, amuak, damuak... Gorputza, hutsa... Telelana, erdibana, ama, zama, darama... Pandemia, polisemia, barne nia, eskizofrenia... Erantzia, erantsia, antsia, distantzia... Kodigo, subjektibo, igo, astiro, berriro... Neure buruari zentzugabeko puntuak jartzen harrapatu dut neure burua.

Ispilu aurrean ezpainak margotu bitartean bi agur posible pentsatu ditut. Ahoz gora kantatu eta bigarrenaren alde egin dut azkenean. Kaosa, kosmosa, Tolosa... Zuek berriz ikustearen poza.

Inoiz baino gehiago eskertu dut saiorako bidea bertsokide baten konpainian egin izana. Isilaldian bizitakoak konpartitu ditugu; tartean, pantailaz bestalde jardun izan gareneko bizipenak. Biok faltetsi dugu izugarri publikoa, momentuan sortzen ari ginenaren hartzailea nor zen jakitea. Biok aipatu dugu berriro hasteak eragiten zigun izua.

Bertsoa sortzeko ariketa mentalak baino gehiago, berriro publiko aurrera irteteak kezkatzen ninduela zehaztu diot nik. Gogoratuko ote nuen nola ibiltzen nuen oholtzara arteko bidea? Nola edaten nuen ura behin hara iritsitakoan, arau ez idatziren batek egin behar ez dela dioen arren nola txalotzen nuen kideren baten lana berak kantatutakoa gustatzen zitzaidanetan, nola esertzen nintzen egurrezko aulkian... Nola jartzen nuen gorputza jendaurrean; entzutera etorri zenaren begien aurrean. Beldurrak beldur, biok ondorioztatu dugu askoz pisu handiagoa zuela kanturako gogoak.

Iritsi da momentua. Igo gara taula gainera. Entzun ditugu barruak mugiarazi dizkiguten txaloak. Elikatu ditugu gure ego txikiak. Sortutako bertso bakoitza jendearengana heltzen zela sentitu dugu berriz; begirada, keinu eta irrifar lotsatiren batek zikloa ixten zuela. Okupatu dugu espazio publikoaren zatitxo bat, eta burura etorri zaizkit kanpoan lotsa pasatu ohi zutenez konfinamenduan zehar kirola etxean egiteak ate bat zabaldu diela kontatu zidaten gertuko bi emakumeak.

Ez dakit gogoratzen nuen bezalakoa izan ote den sentitu dudana, baina pena moduko bat sentitu dut saioa bukatzera zihoala ohartzean.

Zuek berriz ikustearen poza.

Berezia izan da lehen aldia. Ea hurrengoek zer dakarkiguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.