Tokio 2020. Igeriketa

AZKARRETAN AZKARRENAK

Michael Phelps ikurraren osteko Olinpiar Jokoak izan dira Tokiokoak, eta igerilekuan hainbat izarrek egin dute distira: Dressel, Ledecky, Titmus, McKeon... Lehia eta marka ikusgarriak egin dituzte.

Emma McKeon Australiako igerilaria. JOE GIDDENS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Igerilarien agendan gorriz markatuta daude Olinpiar Jokoak; parte har dezaketen txapelketarik garrantzitsuenak dira. Eta Tokioko Jokoetan ikuskizun aparta izan da, epikoa. Hainbat lasterketa, hainbat lehia, hainbat marka eta hainbat izen. Badira nabarmendu beharreko igerilari batzuk, eta, nola ez, haien zenbait lorpen. Michael Phelps ikurraren osteko Jokoak izan dira Tokiokoak, eta Caeleb Dressel, Katie Ledecky, Emma McKeon edota Ariarne Titmus dira haren itzala argitu duten izarrak. Hemen lehiaketako gako batzuk.

CAELEB DRESSEL

Urrezko sei domina zituen jomugan igerilari estatubatuarrak, eta hori lortzeko bidean azken urratsa falta izan zaio. Kontent egoteko moduko uzta bildu du, halere: bost urre kolkoratu ditu, eta Phelpsen lekukoa hartzeko hautagairik sendoena dela berretsi du; uretako tronuak badu jabe berria —lau estiloetako 4x100 metrokoan soilik egin zuen kale, proba mistoan; AEBek bosgarren amaitu zuten—.

Estatubatuarrak emandako ikuskizunak haren jarraitzaile oro gogobete du. Azkarrena izan da uretan, eta igerilekuan duen nagusitasuna sendotu du. Urrezkoa izan da haren parte hartzea, eta, dominetatik harago, markak ere hautsi ditu. Tximeleta estiloko 100 metroko munduko marka ezarri du. Hasieratik jarri zen probaren buruan, eta 49,45 segundoko denbora erdietsi zuen. Munduko errekor berria, Dresselek berak zeukana baino bost ehunen azkarragoa —2019ko Munduko Igeriketa Txapelketan lortu zuen hura—.

Eta, txapelketa bukatzeko, urrezko dominari munduko beste errekor bat ere erantsi zion. Lau estiloetako 4x100 metrokoan lortutakoa. AEBen garaipenean funtsezko pieza izan zen Dressel.Nota onarekin bukatu ditu Jokoak.

LEDECKY-TITMUS

Katie Ledecky estatubatuarra da historiako emakumezko igerilaririk onenetakoa, eta haren garaipen zerrendak ez du mugarik: hamar domina ditu Jokoetan. Tokion ere, ohi bezala, fin aritu da, baina oraingo honetan aurkari bat izan du: Ariarne Titmus australiarra. Bi aldiz garaitu du Ledecky.

Estua izan da estatubatuarraren eta australiarraren arteko lehia, eta zale askoren arreta bereganatu du. Ez da gutxiagorako. Titmusek aurrea hartu zion estilo libreko 400 eta 200 metroko finaletan. Baina zenbat eta distantzia luzeagoa, orduan eta hobeto moldatzen da Ledecky, eta hori baieztatu du: hura izan zen nagusi 800 metrokoan, baita 1.500ekoan ere. Azken horretan ez zen aritu australiarra.

Bien arteko lehiak, gainera, gero ere jarraituko du. Ledeckyk 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko asmoa du, eta ez du baztertu 2028ko Los Angeleskoetan ere parte hartzea. 24 urte ditu egun. Titmusek, 20.

EMMA MCKEON

Badago azpimarratu beharreko beste igerilari bat, bildutako domina sorta tarteko: Emma McKeon australiarra. Bere ibilbideko unerik gozoenean dago, eta Olinpiar Jokoen historian aldi berean zazpi domina eskuratu dituzten emakumeetan bigarrena bilakatu da; lehenengoa Mariya Gorokhovskaia gimnasta izan zen, 1952an.

McKeonek Tokion lortu dituen zazpi dominetatik lau izan dira urrezkoak, eta beste hiru brontzezkoak. Esprintean azkarrena izan da.

AEB-AK NAGUSI

AEBak izan ohi dira Olinpiar Jokoetan igerilekuaren jabe eta podiumeko protagonista. Hala izan da Tokion ere. 30 domina eskuratu dituzte estatubatuarrek: 11 urrezkoak, hamar zilarrezkoak eta bederatzi brontzezkoak. Atzetik segitu dio Australiak, hogei dominarekin, eta koska bat beherago amaitu du Erresuma Batuak, zortzirekin.

AEBen nagusitasunaren gainetik, baina, australiarren lana goraipatu behar da. Eta, batez ere, emakumezkoena. Ez da makala lortu dutena: zortzi urre pilatu dituzte.

Ertz ugari ditu balentriak: Titmusek aurre egin dio Ledecky izarrari; McKeonek zazpi domina lortu ditu; Kaylee McKeown txapelduna izan da bizkar estiloan, 100 eta 200 metroko finalak irabazita. Eta beste hamaika kontu.

Eta ez bakarrik banaka, baita taldean ere. Australiarrek irabazi dituzte, esaterako, estilo libreko eta lau estiloetako 4x100 metroko txandakako probak.

MARKAK

Olinpiar Jokoetan urrezko dominen bila lehiatzen dira igerilariak; baina ez hori bakarrik. Zeharka begiratzen diete markei, eta horiek haustea ere bada asmoa. Tokion makina bat olinpiar errekor ezarri dira, eta baita munduko batzuk ere.

Tartean daude Tatjana Schoenmaker hegoafrikarrak bular estiloko 200 metroko proban lortutakoa, 2.18,95 minutuko denbora eginda; baita Dresselek tximeleta estiloko 100 metrokoan ezarritakoa ere. Gainerakoak taldean egin dituzte: Australiak emakumezkoen estilo libreko 4x100 metrokoan; Txinak emakumezkoen estilo libreko 4x200 metrokoan; AEBek gizonezkoen lau estiloetako 4x100 metrokoan; eta Erresuma Batuak lau estiloetako 4x100 metrokoan, mistoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.