BI TARTE

Itziar-Ondarroa

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Berez ez daukat ezerziklisten aurka. Berez aurreko esaldiak ez zuen berez hitza bere baitan izan beharko. Burmuinetik behatzetarainoko bidean agertu zait adberbioa eta oharkabean kokatu da esaldiaren hasiera-hasieran. Berez.

Berez ez daukat ezer ziklisten aurka. Giroa eta Tourra gozagarri zaizkit udaberri nahiz uda garaian. Etapaz etapa, Usabiagaren esamolde biziren bat edo protagonistaren baten izen-abizen xelebreren bat baino ez zait buruan iltzatuta geratzen. Baina egia da bazkalosteko kuluxkarako ez dagoela helikopteroaren burrundara baino soinu-banda eraginkorragorik.

Berez ez daukat ezer ziklisten aurka. Izugarri urduritzen naute errepide bazterretan agertzen diren aldiro. Beraiengana hurbildu ahala, eskuak izerdiz bete eta irrist egiten didate bolanteari heltzean. Tentsioak hartzen dit gorputza orduan, eta gidatzen ahazten zait. Ez dut jakiten zenbat gerturatu, noiz frenatu, noiz aurreratu, zein martxa sartu… Bihurgune bakoitza gero eta itxiagoa bilakatzen da. Behin gurpildun itzalak atzean utzita, lasai hartzen dut arnasa.

Bitarte horretan, euretako batzuk ere kezkatu samar sumatzen ditut. Ez dira gutxi bidea libre dagoela ikusi eta ertzera erretiratuta eskuarekin aurreratzeko keinua egin izan didatenak. Beste batzuk, aldiz, amorrarazi egiten naute. Taldean ibiltzen dira, elkarren atzean jartzeko inolako asmorik gabe, errepide osoa hartuz. Patxadatsu ikusten ditut, kafetegi bateko terrazan baleude bezala, auskalo zeri buruz luze eta zabal hizketan.

Askotan bururatu ohi zaizkit zutabeetarako gai posibleak bakarrik egindako auto bidaietan. Audio mezuetan harrapatzen ditut eta, azkenean, zenbaitek beren bidea egiten dute koadernoren baten marjinetara. Beste zenbait galdu egiten dira. Mugimenduak ideiak sorrarazten dizkit maiz. Zutabe honen kasuan, gelditasunak.

Eta Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburu eder estreinatu berriko pasarte bat datorkit burura. Aire librean egiten den kirola hizpide hartuta, hala dio bi ahizpetako batek: «Asteburuetan errepidean bizikletaz gizonak adina emakume ikusi arte ez dut sinetsiko berdintasuna iritsi denik».

Eta pentsatzen dut pandemiaren eraginez hazi den txirrindularien espezie honek ez ote duen lotura zuzenik izango umedun familiak bizi diren etxeetan ordu kritikoa iristen denean—hain justu, haurrek bainua hartu eta afaldu behar dutenean— korrikalariz jantzita bidegorrietara ihes egin ohi dutenekin.

Eta neure burua —gorputza— imajinatzen dut maillot estu bat jantzita, aldapan gora, gurpilen gaineko izerdi putzu batean itota. Eta motor hots bat nire atzealdean. Eta ni bi pedalei eragiten, herio betean, ez daukadan lekutik indarra atera nahian. Eta barruko epailea ni egurtzen, azkenaldian txokolate gehiegi jan dudala leporatuz. Eta zapaldu egingo nauelairuditzen zaidan atzeko autoko gidaria—gizona, noski— nire ipurdiari buruz edozer esaten.

Eta lagun batek adierazten dit ez begiratzeko alde txarrei bakarrik; kirola asko demokratizatu dela ia edonork 3.000 euroko bizikleta bat erosi dezakeen garaiotan. Horregatik ikusten ditudala errepidean gorputz atletiko eta ez hain atletikoak. Demokratizazio horretan biztanleriaren erdia —behintzat— ahaztu zaiola erantzuten diot nik.

Gizonak ikusten ditudalako. Gizonak nonahi. Gizonek osatuak direlako Lasarte- Oriatik Usurbil eta Oriorako bide zaharrean aurrera eta atzera ibiltzen diren txirrindulari saldoak. Gizonek osatuak direlako Itziartik Ondarroara bidean —eta kontrako noranzkoan— obretako semaforoek baino traba gehiago egiten didaten tropelak. Gizonak ikusten ditudalako. Gizonak nonahi.

Kaskodunei inoiz baino arreta gehiago jartzen diet orain eta akaso horrexegatik jarri ohi naute inoiz baino urduriago. Bisualki azaltzen dutelako, beste behin ere, nork duen berez espazio publikoa okupatzeko gaitasuna; nork sentitzen duen berez bere gorputza —den modukoa izanda ere— erdigunean jartzeko zilegitasuna. Berez.

Berez ez daukat ezer ziklisten aurka. Orain arte bide bazterretan agertzen zitzaizkidan. Gaur, ordea, koaderno bazterrean topatu ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.