BI TARTE

Agendaratzea

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun


Bilgune Feministako kide batek kontatu zidan hastear dagoen urteko agenda guztiak agortu zitzaizkiela Durangon; urte ezin arraroago hau burutu duen azoka ezin arraroagoan. «Ez naiz bakarra». Pentsatu nuen nirekiko. Urtetik urtera mudatu ohi zaizkidan gutiziez gain, baditut nahitaezkoak zaizkidan beste zenbait erosketa. Aldaezinak. Urtero-urterokoak. Guztiok behar dugu helduleku ziurren bat edo beste.

Azken bi aleak erreserbatu zizkidaten. Eskerrak. Bata niretzat gorde nuen, eta bestea lagun bati oparitu nion. Gerora ondorioztatu dut aurtengo urtearen hondarrean egin zitekeen oparirik ederrenetako bat egin niola, akaso, hala egiten ari nintzaionik ohartu gabe. Agenda berri bat. Estreinatzeke. Zikintzeke. Lohitzeke.

Azal berdekarak irekitzen du azken urteotan baliatu izan dudanaren aurtengo bertsioa. Hainbat emakume bertsolariren bertso hautatuak dakartza hilabetetik hilabeterako tarteetan eta ohiko egutegietan marka berezirik ez duten egunak ageri dira biribilduta.

Ez naiz nire memoriaz gehiegi fio. Guztia agendaratzen dut, badaezpada. Guztia papereratzen dut. Horretarako sortutako aplikazioez ere ez naiz gehiegi fidatzen. Burmuina paper zatikatu honetara ohitu zait denborarekin eta antolaketa honen menera funtzionatzen du orain. Orrialdeak zabaltzean aste osoko ikuspegia geratzen zait begien bistan. Astearteak azkar igaro daitezela desiratzen dut. Egun bakoitzari marjin txikia dagokionez, ezinbestekoa da sintesirako gaitasuna. BERRIAk ateratakoa, ostera, egunkakoa da. Lekua utziz gero alderik alde betetzeko arriskua daukagunontzat handiegia suerta daitekeena. Nahiago izaten dut egutegia sukaldeko horman zintzilikatzeko.

Niretzat erritu moduko bat izan ohi da agenda batetik besterako aldaketa. Zaharretik berrirakoa. Zaila izaten da erabilerak maiztutakoarekin zer egin erabakitzea. San Juan sua urrunegi geratu ohi da eta papiroflexian trebatzeko egokia izan daitekeela pentsatu izan dut maiz. Eskulanetan traketsa izaki, birziklatzeko ontzian bukatu ohi du azkenerako, horrenbesteko pisua ematen ez diedan paper eta kartoi zatiekin anabastuta.

Urduritu egiten nauen epe bat sortzen da batetik besterako behin betiko jauzia egin baino lehen. Hain zuzen ere, agenda berria eskuratu aurretik, luzapen bat jaiotzen zaio zaharrari. Orri berrerabili solte bat izan ohi da urte batetik besterako liana. Guztiok behar dugu helduleku ziurren bat edo beste.

Aurrez orri txatal horretan apuntatutakoak agenda berrira pasatzeko garaia iristen da jarraian. Hasierako letra beti izan ohi da txukun-txukuna. Kolore eta tamaina desberdinak baliatu daitezke hitzordu mota desberdinak oroitarazteko. Letra okertzen hasten da, handik gutxira. Egin dituenarentzat ez beste guztientzat ulergaitzak diren marrazkitxoak agertzen dira tarteka. Eta zirrimarrak. Zirrimarra ugari. Urtearen arabera, gehiago edo gutxiago. Aurten, kasurako, sekula baino gehiago.

Agenda aldaketa aukera ederra da paper eskukatuaren ehunduretan barrena aztarrika jarduteko. Norbere aztarnategia deskubritzeko. Aurtengoa urteroko eran hasten da; maldan gora eta mantso. Martxo aldera, berriz, krater handi batek zulatzen ditu orriak erdiz erdi. Maiatzean eguzki izpi batzuk sumatzen dira. Udarak, ordea, ez du txosnetako lurzoru itsaskorraren hatsik. Ikasturte hasierak aldapa forma hartzen du berriro ere. Eromena dator gero. Jendea estresak jota; urtean zehar galdutakoak errekuperatu nahian. Hitzordu berriek talka egiten dute aurrez bertan behera geratutakoekin. Egunek gainez. Dekretuak eta dekretuak. Hamarnaka mugikortasun baimen. Gaueko hamarretatik aurrera egindako auto bidaia bakarti eta depresiboak. Polizia kontrolak han-hemenka. Arbola biluziak. Euria eta hotza. Eta euri gehiago. Gabonetako argiak. Hauek ere inoiz baino gehiago. Inoiz baino nabarmenago. Irteera argi bilakatzeko esperantzan.

Honakoa kontatzen du paper tolesen narratibak. Honela laburbiltzen du igurtzirik gabeko urte aldrebestu hau. Batzuk atzerako kontaketan hasiak gara dagoeneko. Egunak noiz luzatuko zain. Behingoz lagunekin dantza egiteko hitzorduak apuntatzeko irrikaz.

Agenda berri on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.