BI TARTE

Trazu bat

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Korronteek biratzen dute mundua. Joan-etorriek, joan-jinek, sigi-sagek; hara-hona, firin-faran, firi-firi dabilen haizeak. Borraskak datoz iparraldetik, antizikloiak hegoaldetik, gezi urdin eta gorriak tentsioa sortzeko eta askatzeko. Edozer marraz daiteke mapetan: itsasoko mareen norabidea, arrain sarden edo plastikozko poltsen mugimendua. Usoen zein pertsonen migrazioak. Bidaia hautatuak eta bidaia behartuak. Ibilbide seguruak eta arriskutsuak.

Inportazioen eta esportazioen mapak egiten dira. Kaxaz betetako kamioiz betetako porlanezko arteriak, hegazkinez jositako aire masak. Hegotik iparrera datorren koltana eta iparretik hegora doan arroz paketea bidean gurutzatuko dira eguneko orduren batean, eta pentsatuko dute «zer elikatzera goaz?».

Hor daude ur korronteak eta ibaiak ere, eta bakoitzak bere izena eta garrantzi kulturala du, elikadurarentzat, kantuentzat, kondairentzat edo tragedientzat.

Droga kargamentuen mundu mailako ibilguak ere traza ditzakegu, baita arma kargamentuenak ere. Nondik nora doaz, eta zer itzuliko da trukean? Munduko korronte guztiak gainjarriko bagenitu une batez, zein patroi azaleratuko litzateke? Estatistiken aztergaia edozein izanda ere, ez al zaigu mapa beti kolore berdintsukoa aterako? Zenbat eta iparrerago, orduan eta berdeago. Gorri ilunagoa, zenbat eta hegorago.

Eta nolakoa da Europa ez den beste kontinente bat erdigunean kokatzen duen mapa? Nolakoak lirateke mendebaldeko estatuen mugak noizbait kolonizatu izan balituzte?

Edozeren mapak egin daitezke: hizkuntzen erabilerarenak, populazioaren hazkundearenak, non aukeratzen den oliba olioa kozinatzeko eta non gurina, non dagoen hartz batek eraso eginda hiltzeko aukera gehien, non koko bat buru gainera erorita akabatzekoa.

Korronte eta mapa posible horiek guztiek zeharkatzen duten lur zati honetan beste trazu bat osatu da gaur, 22.ez. Korronte koloretsu bat, hitzezkoa eta hankazkoa, planetaren eskalara ekarrita ikusi ere egingo ez litzatekeena, baina etengabeko higiduran egon dena hamaika egunez, eta halaxe jarraituko duena AEK-ko irakasle eta ikasle bakoitzaren joan-etorriekin, eragile kultural, sozial eta euskaltzale guztien ekimen bakoitzarekin. Korronte guztiak izendatzeko hizkuntza bat, erronka zahar eta berriei aurre egiteko hiztegi bat, isobara denen azpitik, errekasto denen gainetik, fluxu guztiekin nahastean. Mugimendu bat, gelditasunaren kontra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.