BI TARTE

Zainak

Amaia Iturriotz Etxaniz - Malen Amenabar LarraƱaga
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Jendartearen erdiak zaindua izatea espero du beste erdiarengandik. Jendartearen erdiak ez du zaintzarik espero beste erdiarengandik. Lugorri horretan eraiki ditugu etxebizitzak, parkeak, zaharren egoitzak eta tabernak. Zoru hori bera da jaiotza-tasa baxua egozten zaiona, aurreikusgarria izanik ere, zahartzaroa iristen denean mendeku edo traizio gisa bizi duena.

Hogeita hamarrak gerturatzen direnean hileta txikietara ohitzen gara emakumeok. Lagun batek haurdun dagoela kontatzen duenean hasten da erritualaren prestaketa. Lehendabizikoez poztu egiten da bat. Geroago, ordea, aurrekariak ikusirik, tristatu edo haserretu. Haurdun nago. Irailerako daukagu. Zorionak, esaten da. Pozten naiz, esaten da. Bitartean eszenan hil-kanpaiak entzuten dira.

Bikote heterosexualez betetako auzune berrietan, non bizitzek katalogo usaina baitute, gora doaz espioitza kasuak. Mesfidati zelatatzen dituzte haien bikotekideak larru beltzez jantzitako neskek. Gerra ez da oraindik hasi, baina munizioa desorekatu da dagoeneko. Arma nuklearrez betetzen ari da pixkanaka garajea: karreterako bi bizikleta, mendiko bat, eskiak, mendian korrika egiteko oinetakoak, kranpoiak eta pioletak.

Inork ez du ezertarako denborarik. Lan-karga handia da bulegokoa. Eta ordu asko autoan. Eta bilerak. Eta erosketak. Eta hurrengo eguneko bazkaria egin behar da. Eta, bat-batean, denbora bezain diru gutxi duen emakume bati ordaintzen diogu astean bitan etxeko hautsak kendu eta garbigailua jarri dezan. Edo osaba zaindu dezan asteburutan lehenik, gauero ondoren. Azkenean, egunean hiru ordutako atsedena baino ez du izango andre horrek zein eguraldi egiten duen antzemateko.

Bitartean osasun-zentro, ospitale zein zaharren egoitzetan galtzeko zorian dagoen espezie exotikoa da gizona. Espezie babestua eta bakana. Gainerakoak animalia arruntak dira, lumaje berezirik gabeak. Emakumeak. Osasun-sistemaren krisia iristear zela eta iritsi da. Kolapsoa, diote. Justu oraintxe, sektorean lanean ari direnen gehiengoa emakumea denean. Kasualitate historiko handiegia ez ote den.

Odol-hodiak dira zainak. Nahiko horma malgua dutenez, odol-kopuru handia jaso dezakete barruan. Zenbat eta odol gehiago jaso, orduan eta zabalduago, orduan eta puztuago... Eta azkenean, klak, odolustu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.