BI TARTE

Erreferentziak

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bakoitzak bere erara eman ohi dio hasiera liburu berri batekiko harremanari. Papera haztatu, usaindu, paratestuei erreparatu, liburuari buruzko kritikak aletu, babes-orrietan barna arakatu, kontrazaleko letrazko amuei hozka egin… Pertsona adina aukera daude kasik. Niri, boladaka aldatu ohi zait irakurtzen hasteko modua eta, azkenaldian, beste ezeri heldu aurretik liburu amaieretako esker hitzak bilatu ohi ditudala ohartu naiz.

Oraintsu arte ez dut honen inguruan pentsatu izan, baina esango nuke idazlea pertsona gisara ikusten laguntzen didatelako jotzen dudala eskertzetara; jainkotiar beharrean gizatiar egiten, lurtar, eta arrakastaren aparretan bainoago, egunerokoan lokaztuko duen egurrezko idazmahaian eserita irudikatzen. Blokeo momentuetan emergentziazko deiak baliatzen imajinatzen dut, ahots-mezuen bidez lagunei mendi-buelta bat edo garagardo batzuk behar dituela behin eta berriro errepikatzen, edo bazkalorduan bizikideei bere senetik irtenda erantzuteagatik zeharo damututa. Ingurukoei aitortza txikiak egiteko gai denak ahalguztidun izateari uzten diola iruditzen zait, eta gustatzen zait hori.

Jakin-mina sortzen zait. Jakin-min hori, ordea, ez da morbo bilakatzen; ez daukat idazleak aipatzen dituen izenak ezagutu beharrik ere. Duela ez hainbeste irakurritako Maddi Ane Txoperena Iribarrenen Ez erran inori liburua, adibidez, esker zerrenda luze bezain eder batekin amaitzen dela gogoratzen dut. Nik, nire azkenaldiko ohiturari jarraikiz, zerrenda horretatik bertatik hasi nahi izan nuen liburua, eta presente izan nuen gerora, orritik orrirako jauzi bakoitzean. Zerrendak zentzua hartu zuen irakurketan aurrera egin ahala, gorputza hartu zuen, nolabait. Niretzat behintzat, horrelako kontakizun bat sortzeko ariketak eutsiko zaituen giza-sare bat eskatzen du nahitaez.

Esker hitzek, besteak beste, pertsona bakarrak izenpetutako lanaren atzean zenbat pertsona dauden edo egon daitezkeen ikusarazteko balio dutela iruditzen zait. Artistaren ustezko bide indibidualak gezurtatzeko, eta obra bakoitzaren baitan ezkutatzen diren hezur-haragizko konstelazio osoak azaleratzeko.

Antropologia feministari esker ikasi nuen erreferentziazko bibliografietan bi abizenen ondoan izen osoa jartzea komeni dela. Politikoa dela. Duela gutxi irakurri diot sareetan norbaiti darabiltzagun iturriak aipatzea feminista dela. Segi dezagun, beraz, elkar zitatzen, erreferentziatzen, besteen aipuak geure egiten; elkarri autoritatea transferitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.