Albistea entzun

BI TARTE

Niski, niski

MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga - Txakur gorria

2023ko martxoak 26

Zir nihi zinitin, mitili? Niski! Bi mitili di... Ekografoari beha ageri da ginekologoa, aitagaiak eskutik heltzen dio ohatila zurian eserita dagoen amagaiari. 2023a da, eta telefono-konpainiaren iragarkiak oihartzun egiten du noiznahi; dela telebistan, dela irratian, dela sarean. 2023a da, eta hilabete batzuk barru guraso izatera doala iragarri duen bikoteari galdera bera errepikatzen zaio aldiro; dela familian, dela igerilekuan, dela fruta-dendan.

Bikoteak lehen aldiz aztertu du Euskaltzaindiaren izendegia. Mutilentzakoak, neskentzakoak eta izen epizenoak bereizten dira bertan. Barrez lehertu dira zerrendako zenbait izen ahots gora irakurri dituztenean.

Barre egin zuten duela urte batzuk ere, Arrakala. Zirrikitu bat haitzean heteroarauari buruzko dokumental mamitsuaren pasarte batekin. Erregistroan gertatutakoak kontatzen ditu Miren Alkorta Idiakezek. Haurrari Zuhaitz izena jarri nahi ziola eta bertako langileak ezetz, ezinezkoa zela; neska zenez gero, izatekotan, Zuhaitza beharko zuela. Egoeraren absurdoak amorratuta, hala ebatzi omen zuen gatazka: «Total, paper batzuk baino ez dira. Jarri horrela eta gero nahi dudan bezala deituko diot. Euskaltzaindia ez da etorriko nire etxera nik Zuhaitz deitzen diodan bakoitzean 'ez, Zuhaitza da' esatera». Negar ez egiteagatik, barre.

Baldin eta, kasualitatez, gurasogaiek hautatu duten izenak eta sabelean datzan umearen genitalek Euskaltzaindiaren arabera bat egiten ez badute, bi aukera baino ez dira izango. Bata, amore ematea eta, bigarrena, zeruak eta lurrak mugitzen hastea, gustuko izenaren inguruko doktore-tesi bat egiteraino ia. Gerta liteke adjektibo bat aukeratu izana, adjektiboa den heinean epizenoa beharko lukeena. Adjektibo horrek lasaitasuna adieraz lezake, ordea, eta, niski, denok dakigu ezaugarri hori nori dagokion.

Ume zakildunari Iradi jarri ahal izateko atzerriko futbolari baten izena baliatu omen zuen guraso batek. Badira aludunari Maren jartzeko Danimarkako kontsulatuaren agiri bat aurkeztu behar izan zutenak ere eta, ahaleginak ahalegin, zakildunari Ilargi jarri ezin izan ziotenak. Aiur jarri nahi zioten aludunari Miren Aiur jarri behar izan zioten beste batzuek. Atzo, 2020an.

Hilabete batzuk barru erdituko denak ama izan berriak imajinatu ditu, hankarteko puntuak tenk eta odoluzkiak bor-bor, erregistro batetik besterako espedizioan, langile errebelde bat non topatuko. 2023a da, eta, bitartasunarekin hautsi nahi bada, honek guztiak ez dauka izenik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...