Donostiako 66. Zinemaldia. Perlak. Ciro Guerra eta Cristina Gallego. Zinemagileak

«Zineman egin den narrazio hegemonikoa amaitzen ari da»

Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria azaltzen du 'Pájaros de verano' filmak. Ciro Guerrak eta Cristina Gallegok elkarrekin ondu dute wayuu komunitatearen dekadentzia istorioa, idealizazioetan erori gabe.

Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Amerikako herri indigenei ahotsa ematea, orain arteko begirada narratiboak aldatzea. Hori izan zuen helburu Ciro Guerra zinemagileak (Rio de Oro, Kolonbia, 1981) El abrazo de la serpiente lanean (2015), eta apustua mantendu du Cristina Gallego ekoizle eta bikotekidearekin (Bogota, 1978) batera ondutako Pájaros de verano film magiko-errealistan.

Herri indigena baten antzinako balioen eta indartzen ari den kapitalismoaren arteko talkak egituratzen du filma?

CIRO GUERRA: Kolonbiako narkotrafikoaren hastapenak islatzen ditu filmak; 70eko hamarkadatik aurrera nazioarteko drogen trafikoa bihurtu zenaren hazia kontatzen da nolabait, Bonanza Marimbera deitu zen aldi hura. Ikusten da kapitalismoak nola funtziona dezakeen komunitate baten mikrokosmos horretan. Wayuu komunitateak hamabost urtean bizi izan zuen, hasi eta buka, beste zenbait tokitan mende eta erdi iraun zuen prozesua. Emaitza berbera da: balio tradizionalak ordezkatu egiten dira dirua tarteko dagoenean, belaunaldien arteko talkak gertatzen dira, eta komunitateak suntsitu egiten dira: gizakiak bere ingurunearekin harremana galtzen du.

CRISTINA GALLEGO: Boterearen gaineko pelikula bat da, komunitatearen izaera tradizionala hausten duen boterearena. Beti sortu izan dit irrika, eta kuestionatu ere egin izan dut gertaera hori, baina orain hobeto ulertzen dut. Hasierako marihuana negozio hori, kapitalismo hori, negoziazio baketsuan eta hitzetan oinarritzen da, baina filmak azaltzen du kapitalismo molde hori erabat lehertzen deneko unea.

Antzinako balio horiek ere ezin baitiote aurre egin kapitalismoari, saldukeriari.

CRISTINA GALLEGO: Balio zahar horiek lurraldearen egonkortasuna mantendu dute hamarkadetan; eurak izan dira euren lurraldeen jabe. Mundu guztiarekin negoziatu izan dute: piratekin, ingelesekin, danimarkarrekin, espainiarrekin... Oso indartsuak eta borrokalariak izan dira, baina oreka mantendu ahal izan dute negoziazioari esker. Dena hautsi zen marihuana negozioaren hasiera harekin, ordea. Lurralde oso aberatsa da baliabideetan Guajira, baina era berean pobrezia izugarria du. Kontraesan handien lurraldea da.

Kontatzen denak zerikusi gutxi dauka gainerakooi heldu zaigun narkotrafikoaren irudiarekin.

CIRO GUERRA: Bai, gero iritsi zen historia oso ezaguna da, kartelen historia da, Pablo Escobar eta abar... Baina iruditzen zitzaigun historia hori batez ere kanpotik kontatua izan dela, ez guk geuk kolonbiarrok kontatua. Eta biolentziaren nahiz mafia kulturaren loriatze moduko bat bilakatu da guztia. Gaur egun hainbatek istorio horiek ikusten dituzte film eta serietan, eta pentsatzen dute Escobar heroi bat izan zela. Ez zaigu iruditzen hori irudikatze egokia denik. Guk ez dugu kontatu nahi narkotrafikoaren loriatzerik, baizik eta gure gizarte oinarrien dekadentzia erabateko hori.

Ikuspegi femeninoak indar handia du. Filma hasten da amatik alabarenganako errezu baten transmisioarekin.

CRISTINA GALLEGO: Guri gizonen narrazioetatik iritsi zaizkigu istorio horiek, baina kontua ikertzen hasi, eta ikusi genuen wayuuen kulturan emakumeek indar eta garrantzi handia dutela, bai ekonomiaren kudeaketan, bai erabaki politikoetan, bai kontu izpiritualetan. Eta, hortaz, oso kuestionagarria egiten zitzaigun filma soilik gizonezkoen ikuspegitik kontatzea. Nahi genuen gertatzen zenaren ikuspegi femeninoa ere azaltzea, sakonekoa hobeto islatzen delako.

Bai lan honetan eta bai El abrazo de la serpiente aurrekoan, herri indegenekiko interes agerikoa azaldu duzue. Baina haiek idealizatzeko tentazioan erori gabe.

CIRO GUERRA: Bai, hala da. Orain artean zineman kontatu zaiguna, eta kontatu diguten modua, ikuspegi bakar batetik etorri da. Perspektiba aldatzen denean, mundua oso desberdin ikusten da. Zineman egin den narrazio molde hegemonikoa amaitzen ari da. Narrazio hegemoniko horretan film bera ikusten dugu etengabe, izenburu desberdinekin. Begirada aldatzea, eta begirada nahiz ahotsa komunitate isilduei eta ez ordezkatuei ematea da guri dagokiguna; istorioak beste ikuspegi batetik kontatzea. Mundu konplexu eta zabalago bat marrazteko. Uste dugu badela garaia horretarako. Narratiba aldatzean zinema aberastuko dugu. Ameriketako herri indigena askoren istorioak ez dira kontatu beraien talaiatik, eta gauza bera emakumeen istorioak ere. Alde horretatik, zinemak asko du aberasteko, aldatzeko.

CRISTINA GALLEGO: Bestalde, komunitate horiek ez idealizatzeko asmoak azaltzen du beraiekiko errespetua; hitz egiten dugulako beraietaz, baina zuri-beltzak saihestuz. Errespetatzeko modua da beraien konplexutasun guztia erakustea. Komunitateak dira,baina gizabanako konplexuz osatuak, eta horrela azaltzeak eurengana hurbiltzen gaitu. Ezagutzen dugun begirada kanpotikoa da, exotikoa, zuri-beltzetakoa...

Fabulazioa ere erabili duzue lan honetan. Narratiba berri horiekin lotuta?

CRISTINA GALLEGO: Wayuu komunitateak mundua nola ikusten duen azaltzeko baliagarria izan zaigu amets giro hori. Euren mundua eta Gabriel Garcia Marquezen errealismo magikoa erabili ditugu narratiba ontzeko eta euren mundua kontatzeko: erreala denaren eta intuitzen denaren artekoa, jakin bai baina azaltzen ez denaren artekoa, femeninoaren eta maskulinoaren artekoa... Gangsterren zinema, westernak eta greziar tragedia dira beste iturri nagusiak.

Wayuuen hizkuntzan grabatu duzue ia dena.

CIRO GUERRA: Wayuu hizkuntza ez zen existitzen orain artean zineman. Akaso eszena gutxi batzuetan azaldu da. Oso garrantzitsua da herriak euren hizkuntza propioetan errepresentatzea zineman, askoz ere hobeto uler baitaiteke ahozkotasunak zer transmititzen duen, ulermen arrazionaletik harago. Gainerakoan, dena homogenizatu eta ahuldu egiten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.