BI TARTE

Koilaratxoa

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Lankideak zarete. Laneko bidaia batean, hotelean gela partekatzea egokitu zaizue. Gelan sartzean ikusi duzue ohe bakarra dagoela». Hala zioen, hitzez hitz, proposatutako gaiak. Beren-beregi zortziko txikiko ariketarako prestatutako gaia zen; entzuleekiko —eta epaileekiko— hitzarmenari jarraikiz, ezinbestean umorea espero den markorako gaia, alegia. Lekua: Arrasateko frontoia. Testuingurua: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdia. Kantuan: bi gizonezko. Publikoaren erreakzioa gaia entzun orduko: barre hotsa.

Bertsokide eta adiskide dudan emakume bat zegoen nire ondoan eserita. Elkarri begiratu, eta ezer esateko beharrik gabe ulertu genuen elkar. Une hartako sentipenek galdera erretoriko forma hartu zuten gerora: Barre urduri hura lankideen arteko harremana ohearen moduko eremu ustez intimoago batera eramateak sortu zuen, ala litekeena zen oinarrian beste zerbait egotea? Gai hori zozketa bidez bi andreri egokitu izan balitzaigu, berdin funtzionatuko lukete ohearen tamainari eta bakoitzak bertan okupatuko zuen espazioari buruz elkartrukatu zituzten ateraldiek? Publikoak bide hori hartzea espero arren, guk hala ez egiteko hautua egin izan bagenu, zein beste bide geratuko litzaiguke trazatzeko? Nola baloratuko litzateke beste bide posible bat urratzeko ahalegina? Ulertuko litzateke ahalegin hori?

Ordutik, modu intermitentean bada ere, presente eduki dudan gai bat izan da Arrasatekoa. Tarte honetan lotu dut, adibidez, behin broma giroan kontatu zidaten eta egia ez bada egiatik nik nahi baino gertuago egon daitekeen pasadizo batekin. Kontatu baitzidaten, behinola, bi gizon bertsolariri behar baino gehiago luzatu zitzaiela afalosteko jarduna eta, etxetik urrun samar zeudenez, antolatzaileek lotarako lekua eskaini zietela. Erretiratutakoan, ezusteko handia hartu omen zuten bientzat ohe bakarra zutela ikusita. Algara artean azaldu zidatenez, biek ohe berean lo eginagatik ere, bat maindireen gainean etzan omen zen, eta bestea, aldiz, azpian; gorputzen arteko nahigabeko igurtzi minimoena ere ekiditeko asmoz.

Eta ez, bi bertsolari horiek ez dira Fernando Amezketarraren eta Lazkao Txikiren marrazki bizidunetan agertzen; ez dira hain zaharrak. Adinari erreparatuta, askoz ere hurbilago daude Arrasaten gaia entzun eta elkarri begira harrituta geratu ginenongandik.

Izan sanferminetan lagun baten egongelako koltxoi gainpopulaturen batean, izan lokatzez betetako kanpin dendako esterila ezin erosoagoaren gainean edo izan hotzagatik iglu bilakatutako furgonetako lo zaku eta edredoi hezeen artean... Mila alditan batera lo egitea egokitu zaigunon garaikideak dira ia; ondokoaren igurtzi posibleek beldurtu ez gaituztenonak. Are gehiago, esango nuke tarteka bilatu ere egin izan ditugula.

Begira, ordea, zenbateraino sexualizatu dugun norbaitekin lo egite hutsa, non, Brigitte Vasallok aipatu moduan, bi gizonezkok elkarrekin koilararen posturan lo egitea bera iraultzailea izan daitekeen; heteropatriarkatuari desafio egin diezaiokeen keinu txikia.

Ez dakit zuek, baina ni elkarri kariñoa eman eta afektua adierazteko ezintasun handia duten gizonezkoez inguratuta bizi naiz. Bizkar kolpe gehiegi ikusten ditut oraindik. Eta, Vasalllok azpimarratu moduan, denok behar dugu azala. Behar ditugu kontaktua, taktua, mimoak, besarkadak... Gauza bakoitza bere tokian dagoela sentituz lokartzea.

Zer ezkuta daiteke, ordea, ekintzaile feministak dioen moduan, munduko keinurik samurrena izan daitekeenaren atzean? Kontestu heterosexualera ekarriz, nork babesten du nor? Nork hartzen du koilara handienaren lekua, indartsuarena, bestea bizkarretik besarkatuz? Eta, aldiz, nor uzkurtzen da koilara txikiena irudikatuz?

Gizonezkoren batekin sabel-bizkar besarkatuta lo egiteko aukera izanda ohartu gaitezke, gainera, sarritan afektua adierazteko ezintasuna ez dela beraien gabezia bakarra. San Valentin erailtzen tematu arren, askotan emakumezko bikotekideak izan ohi dituzte konfidente bakartzat; zutabe emozional bakartzat. Eta batzuek hala izaten jarraitzea nahi izaten dute harremana eten eta gero ere.

Hausnartzekoa da zenbatetan eusten dion koilara txikiak handiagoaren pisu guztiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.