BI TARTE

Nagia

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Kanpotik ezarritako mugak buru barruko muga bilakatzeko ez du denbora gehiegi behar. Entzun egunero eguerdiko eta gaueko albistegiak, eta ez duzu etxetik irten nahiko sekula. Dosifikatu egin behar da alarma sentsazioa, bestela ezinezkoa da. Ez da bizitzarako zirrikituen aldeko proposamenen zabalpenik egiten larritasunaz informatzen den maila berean; badaude kontzertuak, bertso saioak, hitzaldiak, kirol-saioak... era seguruan antolatzeko aukerak, bi urte daramatzagu forma berriak asmatzen, mutatzen, eusten, baina zertarako. Orain berriro atzera, berriro errua, berriro «badaezpada». Birusak baino gehiago beldurtzen gaitu prentsak eta ordezkari politikoek ekimenaren antolatzailea egurtzeak. Batzuengatik balitz, aurtengo Durangoko Azoka ere ez litzateke egingo, errazena baita «bertan behera» jartzen duen kartela zabaltzea, baina bi urtetan egin gabe utzitakoa nekez antolatuko da hirugarrenean, eta ea zelan eusten diogun horri. Sareak eten egiten dira. Eskertzekoa da Durangokoa zein bestelako ekitaldiak posible egiten dituztenen ahalegin itzela. Proposamenak behar dira, ez immobilismoa.

Baina alarmak, etengabeko zaratak, hori dakar. Geldirik geratzea. Nagia. Denoi gertatu zaigu. Durangorako sarrera hartzeak ahalegin bat eskatzen du. Online egin beharreko tramiteek, aforoek, azken orduko inprobisaziorako aukerarik ezak, orain COVID pasaporteak... bestelako konpromiso maila bat eskatzen dute egin nahi dugun plan horrekiko, bestelako gaitasun teknologiko batzuk, eta ohikoa da azkenean etxean geratzea, edo terrazaren batean.

Eta hau kezkagarria da, baina kezkagarriagoa da nagitasun hori gure gorputzeko sintomei entzungor egiteraino hedatu izana. Orain medikuarekin aurrez aurreko zita bat lortzea baino errazagoa da Jaurlaritzari diru-laguntza bat eskatzea elektronikoki. Telefonoko itxaronaldi musikatuak, medikuari eman nahi zenizkiokeen azalpenak idazkariari ere eman beharra (Zer daukazu? Sukarrik edo eztarriko minik ba al duzu? Telefono bidez eginda ondo?), saturazioa. Tira, ez nago hain txarto. Pasatuko zait. Ez da ezer izango. Osasunarengatik, ez naiz anbulatoriora joango.

Lehen mailako artako kontsultak atzeratzea da aste honetako neurri berritzailea. «Bertan behera» kartela. Eskuak garbitzea. Jendeari bere eskubideak ahantzarazi, eta aztoramen horren erdian, osasun sistema publikoari beste kolpe bat ematea, beti norbanakoen ardura seinalatuz eta ez Osakidetzari eskainitako errekurtso murritzak. Hesi bat gehiago bidean, hesi bat gehiago gure buruetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.