BI TARTE

Infernuan

MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga - Txakur gorria

2020ko azaroak 22

Miren Sarriegi Ayestaran Beasainen jaio zen, 1934. urtean. Hogeita sei urte beranduago, 1961ean, ezkondu eta senarrarenera lekualdatu zen; Donostiako Infernu auzora. Aitaginarreba bidezaina zenez, langileentzako etxebizitza batean bizi izan ziren bertan.

Orain bezala orduan ere, Infernua errepidearen ertzean zegoela gogoratzen du Mirenek; tailerrez, almazenez eta pabiloi handiz betetako auzunea zela. Langileen etxebizitzak hibridotasun berezi baten erakusle ziren orduan. Lantokiek eta etxeek bat egiten zuten horma arteetan; ia bi eremuen arteko mugak lausotzeraino. Bertan egiten zuten lan, eta bertan lo. Etxeetako ateak bizilagunentzat irekita egon ohi ziren garaia zen hura. Mirenek ez du kontatzeko daukan ezer interesgarria izan daitekeenik sentitzen.

Ana Mayoz Sarriegi Infernuan jaio zen 1964. urtean eta bertan bizi izan zen zazpi urte bete zituen arte. Aitonak erretiroa hartu zuenean, ordura arte beraien bizileku izandako eraikina utzi behar izan zuen familiak.

Industrialde izanagatik, Anak ez du bertako paisaia orain bezain grisa zenik oroitzen. Begiak erdi itxiz gero, zuhaitz errenkadak datozkio gogora, ustez, platanondoak. Eta erreka bat, egun ere bertatik igarotzen dena. Orain estalita dago, lur azpian ezkutatzen da zatika; lehen agerian zegoen. Erreka inguru hartan jolasten ziren auzoko umeekin batera. Behin baino gehiagotan erori zitzaien baloia erreka zokora. Oroitzapenei tiraka, plastiko errearen usain sarkorrak egin du Anaren sudur mintzetarainoko bidea. Donostia urruti geratzen zela dauka akorduan, tarteko hezeguneen ondorioz, Antigua bera ere tokitan zegoela orduan.

Historia liburuek diotenez, Guardia Zibilaren kuartela nahiz kartzela izana da Infernua -literalki-. Eraikin abandonatuen arkitektura irakurtzen jakingo bagenu murru hezetuek diotena deszifratzeko gai izango ginateke, akaso.

Bada denbora bat Donostiatik kanporanzkoan paretik pasatu eta leihoetatik zintzilik koloretako banderolak ikus daitezkeela; aurreneko paretak lanpas forma hartu eta hizkuntza desberdinetan agurtzen gaituela. Ongi Etorri Infernura.

Bada denbora bat Anak Mireni duela urte batzuk beraien bizitokia izandakoan jendea bizi zela kontatu ziola. Harridura eta mesfidantza nahastu zitzaizkion orduko hartan Mireni; «Infernuan? Nor biziko da han?». Anak azaldu zion baliabiderik gabeko pertsonek hartu zutela aterpe Infernuan, turistentzako postalezko hiriaren marjinetan. Sistemak baztertuez gain, sistemaren bazterretan kolektiboki alternatibak sortu nahian ari direnak ere elkartu zirela gehitu zuen gero.

Bada denbora bat desalojoaren mamua belarriz belarri zebilela. Bitarte honetan, auzokoak nekatu eta beldurtzea izan da Poliziaren xedea. Etengabe gertatu dira identifikazio eta kaleratze mehatxuak. Etengabe egoera zaurgarrian zeudenak are zaurgarriago bilakatzeko saiakerak. Etengabe okupazio mugimendua kriminalizatzeko eginahalak. Etengabe eraso arrazistak.

Mirenek laurogeita sei urte egin ditu aurten. Ez du sekula inor entzun erresistentzia queer-ari buruz hizketan; nahita ere ez luke ulertuko zenbat gauza kabitzen diren zuen hiria ez da izango ipurtzulorik gabea aldarriaren atzean. Duela gutxi kontatu dio Anak Infernuan bizi zirenak kanporatuak izan direla. Inguru hartan 540 etxebizitza berri eraiki nahi dituen Udalak noraezean utzi dituela ehun bat lagun, bizileku gisa inolako alternatiba duinik eskaini gabe. Jendea kalean lo egitera behartu dutela izurriaren erdian.

«Kalean baino hobeto egongo ziren ba...» izan da Mirenen erantzuna.

Zenbait xehetasun ez dira bere belarrietara heldu. Ez daki fabrika izan zela husten lehena, hain zuzen ere, Infernuko sektore arrazializatuaren, eta, ondorioz, prekarioenaren bizitoki zena. Ez ditu alkate jaunak esandakoak entzun: lekuak izenari ohore egiten diola, eta han zegoena ez dela defendagarria duintasunaren aldetik. Ez du nabaritu duintasuna kamera geldoan ahoskatu duela, hitzak bere esanahiaz beste egin ahala.

Baina Miren sutu egin da. «Ez dago eskubiderik...» egin du marmar. Anak arrazoia eman dio buruarekin. Eta bataren biloba eta bestearen alaba den hau isilik geratu da ordenagailuaren pantailari begira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.