BI TARTE

Beltzak

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Zuriak ez baikara beltz, beltzak ez baitira zuri... Eta, hain zuzen ere, horrexegatik jarraitzen du Bidasoak malkoen ibilgu izaten. Migrazio bidean aurten Euskal Herrian hil den zazpigarren pertsona da aurreko astean ibai horretan bertan itota aurkitu zutena. Beste migrante bat hil da,zioen titularrak. Beste bat; zazpigarrena. Oihartzun zaharragoak sumatu genituen hazkaka belarri-zuloetan. Beste emakume bat erail dute Aizarnazabalen. Sestaon, Miarritzen, Murchanten, Gasteizen. Beste behargin bat baldintza negargarrietan lan egiten zuen enpresan, beste preso bat Zaballan. Beste bat, eta beste bat, eta beste bat... Kasu isolatu gehiegi, egiturazkoa dena ikusi nahi ez duenarentzat.

Honezkero jakin badakigu engranaje perbertso horren zati garela gu ere; arkitektura horren habe. Hala ere, egutegian egun bat gorde diezaiokegu oraindik desoreka estruktural horietakoren bati, zuribide —eta, sarri, zauribide— gisa. Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan harrapatutakoen argazki izoztuak partekatu ditzakegu sare sozialetan. Klik bat baino ez, ezagun baten mendiko argazkia gustuko dugunean bezalatsu. Irakurri dezakeguMiñan. Joder, ze gogorra.«Ongi etorri errefuxiatuak» dioten bandera horixkak aspaldi maiztu zitzaizkigun balkoietan.

Ertzen bila abiatu eta egiten dugu topo minoriekin. Sentitzen dugu haiei buruz kantatzeko beharra; latza dena edertzen saiatzeko zilegitasuna. Metaforizatzen dugu desertuko harea oinazpi erreetan, patera baten kulunka itsaso harroaren erdian, etorkizun hobe baten esperantza eta azalaren kolorea. Osatzen ditugu esaldi kamisetagarri eta, are, tatuagarriak.

Sintomatikoa izan daiteke gai zabalenen aurrean gure gorputzetatik hain urrutira ihes egiteko daukagun joera. Ez da oraingo kontua soilik, bai baitago hemen ere jurisprudentzia moduko bat, historian zehar garatzen joan dena. Urteak daramatzagu albotik pasatzerakoan begiratu ere egiten ez diogun supermerkatu aurreko eskaleari kantuan. Kontainerrean janari bila usnaka zebiltzanak onberatasunez etxera afaltzera gonbidatuz bukatu diren bertsoaldiak entzun ditugu behin baino gehiagotan, berez hala egingo ez genukeela jakitun egon arren. Eta bat-batean, errealitatearen eta fikzioaren arteko lur-eremu labainkorrenetan, «bihurtzen» gara beltz. Edo trans. Edo puta.

Eta hemen ari naiz, soin bete zalantza eta ia hanka puntetan, azkenaldian korapilatzen nauen honi nondik eta norantz tira egin oso ondo ez dakidala. Ondorioztatzeko, akaso, oholtzetan ez daudenen roletik kantatzen tematu beharrean, gosariarekin batera beste beste bat irenstera ohitzen hasixea dagoenaren gorputzetik kantatzea dagokigula guri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.