BI TARTE

Egin zaitez garbitzaile

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Arduratuta eman zidan lagunak irakasle gisa lan egiten duen eskolan bizitako pasartearen berri. Goiz batez, maskuria lehertzeko zorian heldu omen zen komunak dauden korridoreraino, pauso bat eta hurrengoa ibilera normal samarrarekin lotzeko ahalegin alferrikakoan. Komuneko ataurrean urdin argiz jantzitako emakume batek egin zion abegi: «Egun on! Presaka zatoz, ezta? Sartu zaitezke, bai...». Buruarekin keinu egin zion lagunak erantzun gisa, eta ziztuan sartu zen barrura, galtzetako botoiak askatuta zituela. Handik irteterakoan ohartu zen presaren presaz zapaldu zuen zorua garbitu berria zegoela; orban bustiak zeuden lurrean zehar hedatuta. Bere oin-zolek marraztutako lorratzak ageri ziren harlauza distiratsuetan, harea hezetuan gertatu ohi den modura

Erdi-lotsatuta irten zen komunetik. Ez zuen jakin andreari zer esan, barkamena nola eskatu. Azkenean «sentitzen dut» bat jaulki zuen lixiba usaina zerion airera eta alde egin zuen. Irribarre bortxatuarekin erantzun omen zion andreak.

Lagunari zer pentsatua eman dio gertakizunak. Damu du berak ere andreari egun onak eman ez izana; komunera sar zitekeen galdetu ez izana. «Ez nuen ikusi ere egin...» hasi ohi da, bere buruari desenkusaka. Lankide bati esker jakin ahal izan zuen ikastetxeko garbitzaile bat bereziki kezkatuta eta amorratuta dagoela atsedenaldietan geletan geratzen ziren ikasleek gelan bertan jateko ohitura dutelako. Protokoloaz paso egin eta arauak errespetatzen ez dituztelako. Eta, batik bat, gero bera delako janari eta zabor hondar horiek jaso behar izaten dituena. Arriskuko biztanleriaren parte da andrea; minbiziak erasan zion duela urte batzuk. Izututa dago.

«Ez nuen ikusi ere egin...». Hasperen egin nuen. Nago gehiengoari gertatu ohi zaigula antzera. Eskularru arrosak eta kaskoak jantzita aritu ohi dira lanean; irrati uhinen nahiz gustuko musikaren konpasean. Badirudi, baina, guk daramatzagula kaskoak. Ez ditugu entzuten; ez ditugu ikusten. Kontuz! Zoru irristakorra dioten karro horiekin behaztopatzen gara tupustean. Ez begiratzea ere gainetik begiratzeko modu bat izan daiteke, funtsean.

Jada ez gara harritzen goizean goiz etxetik irten eta portalea fregona pasatu berri dagoenetan. Ez zaigu burutik pasatu ere egiten nork —eta nolako baldintzetan— garbituko ote zuen. Ikusezinak dira guretzat. Bada denbora bat icebergaren irudia baliatzen dugula lan banaketa ilustratzeko. Lan produktiboez eta erreproduktiboez jarduten dugu; enplegutzat hartzen ez diren lan gogorrei beren balioa aitortu nahian. Sektore feminizatu eta, beraz, prekarizatuez. Sektore prekarizatu eta, beraz, feminizatuez. Feminizatuez eta arrazializatuez.

Lehen konfinamenduan inor gutxik izan zituen gogoan osasun langileei eskainitako balkoietako txaloaldietan. Lehen olatuan azkenak izan ziren PCR proba bat egiten. Azkenak izan ziren NBEak eskuratzen ere. Berriki salatu dute osasun zentroetako garbitzaile kutsatuak ez direla lan-istriputzat hartzen, gainontzeko osasun langileekin gertatzen denaz bestera. Beti egin izan zait deigarria osasun langileen arteko kolorekako hierarkia. Valentziako zenbait garbitzailek Garbitzen dut, beraz ez naiz existitzen zioen oihu itoa idatzi dute duela gutxi beren uniforme kolorgeetan.

Lehen lerroan ari dira izurriaren aurka. Egunerokoan gaixoen arropa, okadak nahiz odola jasotzen. Eta, hala ere, lehentasunezko txertaketatik kanpo utzi dituzte. Lehentasunezko txertaketatik kanpo utzi dituzte, anbulantzietako langile, dendari, urritasunen bat dela kausa musukorik jantzi ezin duten pertsonen zaintzaile nahiz hezitzaile eta beste zenbait ikusezinekin batera.

Orain inoiz baino argiago daude lehen lerroak eta azkenak. Inoiz baino nabarmenagoa da txertaketaren faseak diseinatu dituztenen ikuspegi mailakatua eta klasista. Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako El hoyo pelikulako eszena makabroenak datozkit burura. «Soberan omen zeuden» txertoak —nola egongo dira soberan oraindik biztanleriaren erdiak ere ez badu lehenengo dosia hartu?— hartu zituzten goi-karguak irudikatzen ditut lehen solairuan. Immunitate eta inpunitate osoz ari direnak. Osasun langileekin, irakasleekin nahiz laurogei urtetik gorakoekin amaitu baino lehen txertatu dituzten ertzainak daude bigarrenean, beraiengandik gertu. Beti gertu.

Ertzain horietako bat elkarrizketatu dute, albisteak eman beharrean propaganda politikoa egiten ari dela disimulatzen saiatu ere egiten ez den programan. Pozik agertu da gizona; «Orain seguruago egingo dugu lan».

Orain seguruago egingo dute lan, beraz, denbora galarazteko errepideko kontrol zentzugabeetan geratzen gaituztenean. Gutxieneko distantzia mantendu gabe, gure etxera bidean goazela jipoitzen gaituztenean, bestela, borra-kolpeka laztandu eta pilotakadaka masailezurrak hausten dizkigutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.