Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Inoiz baino etxekoagoa

Bihar hasiko da Donostiako Musika Hamabostaldia, eta 45 emanaldi inguru aurkeztuko ditu abuztuaren 29ra bitarte. Osasun krisia dela eta, aretoen edukiera %60ra murriztu dute

Euskal Barrokensemble taldeko kideak. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Donostia
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Bihar hasi eta abuztuaren 29ra bitarte egingo da Donostiako 81. Musika Hamabostaldia. Beste hainbat kultur egitasmo bezala, pandemiak baldintzatutako programa bat izango du jaialdiak, eta, egoera berrira moldatuta, 45 musika proposamen inguru prestatu dituzte. Ohiko zikloei eutsiko diete, baina osasun neurriak hartuko dira aretoetan, eta %60ra murriztuko zaie edukiera. Donostian izango dira emanaldi gehienak, baina Gipuzkoako eta Arabako hainbat udalerritara ere iritsiko dira. Aurten, ohi baino nazioarteko orkestra eta bakarlari gutxiago izango dira. «Egingo diren 45 kontzertuetatik 37tan etxeko musikariak izango ditugu», adierazi du Jose Antonio Etxenike Musika Hamabostaldiaren aholkulariak.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak bihar egingo duen kontzertuarekin abiatuko da aurtengo ekitaldia. San Telmo museoko klaustroan izango dira, Ruben Gimeno eta Rodolfo Epelderen gidaritzapean, eta Reich, Dukas, Wagner eta Griegen obrak joko dituzte, besteak beste.

Euskadiko Orkestra izango da lehena Kursaaleko auditoriumeko oholtzara igotzen, eta hiru kontzertu emango dituzte. Lehenengoan, Semion Bytxkov errusiarra arituko da zuzendari lanetan. Beethoven jaio zela 250 urte betetzen direnez, haren bi obra interpretatuko dituzte. Bigarrena, Robert Treviño Euskadiko Orkestraren egungo zuzendari titularrak zuzenduko du. Xabier Anduaga tenorra ere ariko da, eta Rossini, Donizetti, Lara eta Sorozabalen obrak interpretatuko dituzte. Hirugarren kontzertuan, Juanjo Mena arabarrak zuzenduko ditu Beethovenen 7. sinfonia, eta Haydnen 44. sinfonia zein Biolontxelo eta Orkestrarako kontzertua. Bilboko Orkestra Sinfonikoren txanda abuztuaren 21ean izango da. Mozarten pianorako bi kontzertu, 20.a eta 21.a, eta Prokofieven 1. sinfonia joko dituzte Javier Perianes pianistarekin eta Erik Nielsenen gidaritzapean. Auditoriumeko eskaintza osatzeko. nazioarteko bi artista igoko dira oholtza gainera: abuztuaren 16an, Grigori Sokolov errusiar pianistak emango du kontzertua, eta hilaren 29an, Marc Minkowski taularatuko da Les Musicians de Louvre bere taldearekin.

Musika Garaikidea zikloa hiru kontzertuz osatua egongo da. Laboratorio KLEMek Cantos de piedra proiektua aurkeztuko du San Telmoko elizan; Gerhard laukotea arituko da klaustroan, eta Granados laukoteak amaituko du zikloa. Ganbera zikloko hiru proposamenak klaustroan izango dira. Locum Congregatiok Beethovenen lanez osatutako kontzertua emango du; Elena Sanchez Pereg eta Paula Iragorri abeslariek eta German Ormazabal pianistak Kapritxoak emanaldia prestatu dute, eta Natasha Tchich biola jotzaileak eta Marta Zabaleta pianistak Brahms, Hersant, Ascot, Part eta Francken lanak interpretatuko dituzte.

Tabakaleran izango dira aurtengo dantza ikuskizunak, eta baita haurrentzat diseinatutako proposamenak ere. Iker Murillo pasaitarrak emango die hasiera dantza ikuskizunei, hilaren 5ean. Lasala dantza konpainia garaikidea ere izango da, Judith Argomaniz donostiarraren zuzendaritzapean, eta Aukeran dantza konpainiak Maurizia naz ikuskizuna emango du. Haurren Hamabostaldian bi proposamen izango dira: Sagutxo tuntuna eta Ár bo la ré / Zu haitz ez ikuskizunak. Gazteei dagokienez, abuztuko hiru ostegunetan, Musikeneko ikasleak protagonista izango diren hiru kontzertu egingo dira Tabakalerako terrazan.

Musika Aitzaki zikloan, berriz, Gipuzkoan eta Araban barrena ibiliko dira aurten musikariak, eta hamaika kontzertu egingo dituzte guztira. Zumaian, Tolosan, Getarian, Urnietan, Agurainen eta Oionen izango dira, besteak beste.

Ziklo goiztiarrak

Inaugurazio kontzertuaren ondoren, organo eta antzinako musika zikloak izango dira hurrengoak abiatzen. Antzinako musikaren zikloaren barruan lau kontzertu izango dira. «1991tik kontzertuak Santa Teresako komentuan egin dira, baina aurten San Telmora pasatu behar izan ditugu. Publiko berezia etortzen da ziklo honetara, eta XVI. eta XVII. mendeetako musika entzuteko aukera izango da», azaldu du Etxenikek. Etzi, Enrike Solinis gitarra barrokoko jotzaileak eta Euskal Barrokensemble haren taldeak Couperin, Bach eta Haydnen obrak joko dituzte, Concerto por Liuto izeneko egitarauaren barruan. Astelehenean, klaustroan berriz ere, Scarlatti, Durante eta Haendelen obrak joko ditu Santa Maria Kaperak, Carlos Mena tenorra lagun dutela, Cadenas de Amor emanaldian. Asteartean, berriz, La Ritirata taldeak, Josetxu Obregon zuzendariarekin, Antonio Caldarari eskainitako egitarau monografiko bat aurkeztuko du, haren jaiotzaren 350. urteurrenarekin bat etorriz. Ziklo honen azken kontzertua abuztuaren 9an izango da, San Telmoko elizan. Margarita pretiosa emanaldi polifonikoa interpretatuko du El Leon de Oro talde asturiarrak.

Bestalde, hamahiru kontzertuk osatuko dute Organo zikloa, eta Gipuzkoako hainbat herritara iritsiko da. «Ziklo honek Gipuzkoan dugun aparteko organo ondarea du oinarri. Askotariko aukerak eta kalitate handikoak plazaratzen ditu. Urteotan ziklo bisitatuenetakoa izan da», adierazi du Esteban Elizondok, zikloaren antolatzaileak. Juan de la Rubia, Oscar Cadendo, Loreto Fernandez Imaz eta Ana Belen Garcia musikariak arituko dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.