SOLASEAN. Marta Arrizabalaga. Liburu saltzailea

«Azokan nahi ditugun liburuak nabarmentzeko aukera dugu»

Nafarroako Liburu Azokan egin dute bat herrialdeko liburu saltzaileek, Iruñeko Gazteluko plazan. Han da Katakrakeko Marta Arrizabalaga; abenduan hamar urte beteko ditu proiektu horrek.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
edurne elizondo
Iruñea
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26an hasi zen Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteak antolatutako liburu azoka, Iruñeko Gazteluko plazan, eta, igandera bitarte, karrikan jarraituko dute herrialdeko liburu saltzaileek. Iruñeko Katakrakena da postuetako bat —abenduan hamar urte beteko ditu—, eta han izan da Marta Arrizabalaga dendako kidea (Iruñea, 1988).

Zer moduz joan da liburu azokako lehen asteburua?

Ongi, kontent gaude. Iazkoaren bidetik joan da, pozik gaude.

Pandemiaren lehen urtea ona izan zen liburugintzarentzat. Joera horri eutsi dio sektoreak?

Bai. Pandemiaren eraginez, herritar anitzek egin zuten liburuen alde. Oraingoa ez da 2020ko bezain gorakada nabarmena, baina sektoreak eutsi dio joera horri.

Pandemien aurkako botika ere badira liburuak?

Aukera ematen dute aurrean duzun errealitate horri ihes egiteko, tarte batez. Pandemia garaian anitzek bilatu zuten liburuetan behar zuten ihesbidea, baina bertze batzuei kontrakoa gertatuzitzaien: ezin zuten irakurri, ezzirelako kontzentratzeko gai. Pandemiaren gordinena pasatu eta gero, lehendik irakurtzeko zaletasuna zuten horiek hasi dira berriz irakurtzen, eta pandemian irakurtzen hasi direnak maitemindu dira, berriz ere, liburuekin.

Oztopo guztiak gainditzen dituen maitasun bat da? Liburu elektronikoarekin ere lehiatu zarete, eta ez duzue galdu.

Kezka hori zegoen garai batean, liburu elektronikoek papera ordezkatuko zutela uste zuten anitzek, baina ez da hori gertatu. Uste dut gozatzeko irakurtzen duenak papera nahiago izaten duela. Guregana etortzen diren anitzek erraten digute, adibidez, gauza jakin batzuetarako erabiltzen dutela liburu elektronikoa, baina papera bazter utzi gabe. Badakit klixe bat ematen duela, baina papera bertze gauza bat da. Ez da bakarrik irakurtzea; liburua hartzeak, irakurri duzun orri kopuruak hartzen duen espazioa ikusteak, horrek guztiak berezi eta ezberdin bilakatzen du irakurtzeko esperientzia, zalantzarik gabe.

Karrikara atera dituzue liburu saltzaileok zuen liburuak. Zer-nolako garrantzia du azokak zuen sektorearentzat?

Guretzat liburu azoka hagitz garrantzitsua da. Batetik, karrikan egoteak aukera ematen digu irakurleengana hurbiltzeko. Gazteluko plazan gaude, gainera, eta ezagutzen ez gaituenak ere badu aukera zer egiten ari garen ikusteko. Azokara ez da bakarrik Iruñeko jendea etortzen, eta herrietako jendeak ere gure berri izateko modu bat da azoka. Bertzetik, azokak aukera ematen digu ere guk nahi ditugun liburuak nabarmentzeko. Guk aukeratzen dugu azokara zer eraman eta zer erakutsi.

Azokan espazioa mugatua da. Zeintzuk dira aurtengo zuen liburu kutunak?

Katakrak ezagutzen duen edonork badaki gure dendan saiakerak pisu handia duela. Aurten, gure apustuetako bat da Por nuestra cuenta, argitaratu ditugun azken liburuetako bat. Arrakasta izaten ari da. Pandemia nolabaiteko inflexio puntu bat izan da osasun mentalaren auzian ere. Horregatik uste dugu inportantea dela gisa honetako liburu bat kaleratzea, oraindik dauden tabuei aurre egiteko.

Herrialdeko saltzaileen azoka da. Bada denentzat tokia?

Bai. Gure arteko harremana hagitz ona da. Bertzela, azokak ez luke zentzurik izanen. Finean, elkarren osagarri gara, eta nik ez dudana ondokoak izanen du, eta alderantziz, bertze batek ez duena guk izanen dugu. Horrek denak aberasten gaitu.

Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkartean egin duzue bat. Zer ematen dizue bat egin izanak?

Bat egiteak indarra ematen digu, eta garbi uzten du liburu denda txiki eta independenteok ez dugula zer ikusirik liburuak saltzen dituzten bertze merkataritza gune handiekin. Tratua bertzelakoa da gure espazioetan, eta gure eskaintza irizpide batzuen araberako selekzio baten ondorio da. Hori ez da gertatzen merkataritza gune handietan. Bertzelako kontsumo baten ordezkari gara gu.

Merkataritza gune handiekin lehiatu behar duzue, bai eta Internetekin ere. Zein da gakoa?

Liburu denda txikiok bat egin dugu esparru horretan ere, eta Todostuslibros.com plataformaren bidez gaude Interneten. Guk gure webgune propioa dugu, eta gero bertze horretan guztiok gaude. Interneten bidez eskatu behar duenak ere, beraz, badu zer merkataritza eredu sustatu nahi duen erabakitzeko aukera.

Liburuak saldu ez ezik, argitaratu ere egiten dituzue, hain zuzen. Erronka bat da?

Gure liburu dendaren asmoa beti izan da gizartea eraldatzea, eta zabaltzea guretzat interesgarriak eta beharrezkoak diren ideiak. Hori kontuan izanda, gure bidean ia berezko urrats bat izan da liburuak argitaratzen hastea.

Baduzue bide bat egina. Sendotutako proiektu bat da zuena?

Bai. Abenduan beteko ditugu hamar urte. Liburuak saltzen eta argitaratzen ditugu [Espainiako] Estatuan, bai eta Latinoamerikan ere. Urrats naturalak dira egindako guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.