Eztizko eta ikatzezko

Itxaro Bordak azken bost urteotan idatzitako poemak bildu ditu 'Abaro' lanean. Musika ez ezik, bestelako «itzalak» ere lagun izan ditu bidean

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Babesleku bat izan daiteke poesia. Halaxe bizi du, behintzat, Itxaro Bordak. Haren abaroan dabil azken lau hamarkadetan, eta aterpe horretatik idatzi ditu haren poema bilduma berriko aleak ere. Samurretik nahiz suntsiketatik, bietatik edaten dutenak, egilearen hitzetan. Azken bost urteotako poemak jaso ditu Abaro liburuan, eta Balea Zuria argitaletxeak plazaratu berri du idazlearen lana.

Abaroa da geriza, aterpea, aizolbea. Baina sutondoko hautsak biltzeko erabiltzen den tresna ere bada, idazleak azaldu duenez. Eta liburuan kausitzen diren bi ardatzak sinbolizatzen dituen hitza delako eraman du titulura. «Batetik, bilduma hau da hitzen eta bizipen askoren abaroa, eta denbora berean da mundu kaltzinatu edo ikaztu baten lekukotasuna. Eztia bada, eta bada ikatza». Bi polo horien artean ikusten baititu poetak bai gizabanakoak bai kolektiboa. «Iduri du munduak eztanda handi bat bizitzen duela; hortik ikatz gisa aterako gara, eta norbaitek beharko ditu gure hautsak bildu. Eta guk ez badugu egiten, poema batean erraten dudan bezala, gure ondokoei trauma zerrenda ederra oparituko diegu». Bi horiek, «eztitasuna eta suntsiketa» landu ditu idazleak, «nahitara edo inkontzienteki», azken bost urteotako poemetan.

Bi ildo horiek jorratu bai, baina liburua ez dela gai baten inguruko bilduma ere zehaztu du idazleak. Hala, bizitza, amodioa, pertsonen arteko harremanak, naturarekikoak, bakardadea eta beste hartu ditu hizpiderako, eta horien inguruan «jostatzen» ibili dela azaldu du. «Ironia asko ere sartu dut, eta ironiarekin batera, samurtasuna ere bai. Tituluak duen bi izaerako natura hori liburuko doinuan ere bada. Bada eztitasuna, samurtasuna, eta bada, aldi berean, ironia eta, batzuetan, fede gaiztoa ere. Halako anbiguotasun bat bada liburuan». Badira ale narratibo batzuk bilduman, eta badira beste ale batzuk «ez surrealistak, baina bai sortuak direnak pentsamendua astotik lastora doan neurrian; hau da, ideia bat dago, eta ideia horrek beste bat sortzen du, nahiz eta ez duen loturarik».

Gauza ugari topatuko ditu irakurleak liburuan, Balea Zuriako Pello Otxotekoren ustez. «Hitz ederrak, irudi samurrak, denboran atzera eta aurrera eramango gaituztenak, baina beti irribarrea bisaian marraztuko digutenak». Eta sentimendu askotarikoak ere bai. Bat etorri da harekin idazlea: «Bai, zartaketa bat bada, eta sentimenduak, egilearenak eta irakurlearenak, alde orotara doaz; abaro edo tresna horrekin behar dira hondarrak, hautsak bildu».

Doinuak, lekuak, omenak

Musika da liburuko ardatzetako bat, Bordaren hitzetan. Adibiderako, azaldu du Bordele inguruan zela Leonard Cohen zendu zenean, eta haren omenez poema bat idatzi zuela hango tren geltokian, inguruan ikusten zuena ere jasoz. «Kantuen bidez memoria bat harilkatzen dut». Johnny Cash, Ruper Ordorika, Willie Blind Johnson, John Cage eta Bruce Springsteenen Nebraska ageri dira liburuan, besteak beste. Baina omendu gehiago ere badira, Joxan Artze, Monique Wittig eta Georges Perec, kasurako; haietariko batzuk aurrez idazten jardun ziren leku berberetan ondu zituen Bordak haien omenezko olerkiak. «Badira lotura asko. Sare bat bezala bada ene buruan, musikak, beste poetek eta besteen liburuek iruten bezala dutena». Literaturaz eta musikaz haratago, Rachel Carson zientzialariari eta Aimar Olaizola pilotariari ere pieza bana eskaini die. Eta Zuberoak ere zeharkatzen du poemaren bat nolabait. «Ez nezake erran erreferentziak direla; erran nezake direla bilduma honen gainean ibiltzen diren itzalak, itzal emankorrak, ene bidean laguntzen nautenak».

Berea ez dela liburu «femenino» bat ere zehaztu du. «Beharbada, nire posiziotik liburu neutralagoa da, nahiz eta feminista den, eta feminista baino gehiago, lesbiana den». Idazle hitzaren aurretik emazte eransteari buruz ere mintzatu da. «Idazleok gure eguneroko feminitatearen edo feminismoaren eremutik haragoko eremuak ere libre ditugula; hori aldarrikatzen dut liburuan».

2014. urtean plazaratu zuen aurreko poesia liburua, Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar). 11. poema bilduma du Abaro, eta liburu bakoitza autonomoa den arren, denen artean narrazio bat, «inplizituki lotura bat» ere badela uste du. Liburu bakoitzak galdera bati, edo krisi une bati erantzuten diola dio, «eta Abaro honek ez dio bere destino honi ihes egiten».

Poesia bera, abaro

Azken bost urteotan bestelako lanetan ere aritu da idazlea. Baina poesia hor izan da beti Bordarentzat. «Abaro bat bezala da. Idatzi ditut nobela bat, ipuinak, artikuluak... gauza askorekin ibili naiz, eta lan handi horiek bukatzean halako depre bat bezala sentitzen dut beti. Beheraldi horretatik ateratzeko erabiltzen dut poesia». Hainbat lekutan egin duen ariketa izanik, beste zerbaitetarako ere baliagarria zaio poemak idaztea: «Poesia dut ibiltzen naizen bideetako zedarriak markatzeko, oroitzeko non ibili naizen, nor gurutzatu dudan, zer ikasi dudan ene ibilaldietan».

Halaber, bestelako lan horietan ari denean «mundutik pixka bat baztertuta» ibili ohi denez, poesia lantzeak «pertsonalki berzentratzeko eta kolektiboan bersartzeko» ere balio izaten dio. «Funtsean, nahiz eta hitz lauz idatzi, poeta sentitzen naiz, bere alde on eta txar guztiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.