Bi aroren arteko lokarri

Akilino Izagirre Amenabar 'Zepai' zena omendu dute Idiazabalen, bertsolariaren heriotzaren 50. urteurrenean. 36ko gerra osteko hutsuneari buelta eman ziotenetako bat izan zen, Uztapide eta Basarriren aroaren atariko.

Zepai bizi izan zen etxean ipinitako oroigarria, Idiazabalen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
Idiazabal
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Bertsolaritzak betiko galdu behar zuela zirudien garai triste haietan», bi aro lotu zituzten bertsolarietako bat izan zen Akilino Izagirre Amenabar, Zepai. Basarri zenaren hitzekin hasi zuten haren heriotzaren 50. urteurreneko omenaldia, joan den larunbatean, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Zepai ostatuaren atarian: «Ez zen itzali su guztia, hauei esker». Hura hil berritan idatzi zuenez, 1936ko gerrak eragindako eten hartan, Zepai bera eta Eusebio Eizmendi Urdanpileta Txapel izan ziren Txirritaren garaiaren eta Uztapideren eta Basarriren belaunaldiaren arteko lotura bakarrenetakoa. «Uztapidek eta biok urte asko egin genituen elkarrekin herriz herri, haien bideari jarraituz».Azpeitian jaio zen Zepai, 1906an, eta Errezilen hazi, eta gerora Idiazabalen finkatu zen. Tabernari lanean eman zituen azken urteak, 1971ko uztailaren 24an hil zen arte.

Gaur egun, itxita dago garai batean bertsozale ugariren topaleku izandako ostatua, baina Idiazabalgo Udalaren plaka bat du atarian joan den larunbatetik, Zepairen bizitzaren oroigarri. «Oso kuttuna izandako leku bat» zela dio Izaro Intxausti Zinkunegi kultura teknikariak: «Garai batean, bertsolari asko ibili ziren hemen», gogoratu du, eta azaldu du omenaldi xume bat egin nahi izan ziotela, haren heriotzatik mende erdi igaro zela ikusita. «Lehenengo jo genuen herriko eragileengana, eta dantzariek eta kantu taldeak ere segituan eman ziguten baiezkoa». Eskertuta jaso zuen Axari dantza taldearen eta Birigarro elkarteko txistularien agurra Mari Karmen Esnaola Garmendiak, Zepai zenaren errainak, familiaren izenean. «Bizi zenean, ez zuen merezi zuen bezalako aitortzarik jaso. Orain, bai».

Aratz eta Eusebio Igartzabal osaba-iloba gabiriarrek bertso banarekin jarraitu, eta, amaitzeko, Mikel Arozamenak Zepai hil berritan jarritakoak abestu zituzten kantu taldekoek. Eusebio Igartzabalek tabernan bertan ezagutu zuen ahots indartsuak eta ateraldi zorrotzek nabarmentzen zuten bertsolaria: «Beti elkar tentatzen ibiltzen ginen hemen. Garai hartan, jotzera izaten zen dena; besteari ahal zen handiena botatzea zen kontua». Gogoan du «indarrean» abesten zuela, baina doinu berriak ikasteko ez zela oso abila: «Harekin egindako saio batean, 'hasiko nauk ni' esan zidan. Gero geuri pasatu zaigu antzeko zerbait doinu berriekin».

Gazterik nabarmendu zen Zepai bertsolari jardunean, Antonio Zabalak hari eskainitako liburuan kontatzen duenez. 16 bat urterekin botatako bertso bat badu jasoa, eta, 25 urte zituenerako, «oraingo gazteetan, zu zaude onena» esanez famatu omen zuen Juan Zabaleta errenteriarrak. Ordurako, herriz herri aritua izango zen, nahiz eta urte gutxira ibilia eten behar izango zuen 36ko gerraren ondorioz. Haren aurretik, 1935eko eta 1936ko Bertsolari Guduetan egin zen ezagunagoa Euskal Herri mailan; hirugarren egin zuen bietan, Basarriren eta Mattinen atzetik lehenengoan, eta Txirritaren eta Uztapideren ondotik hurrena.

Bizimodua ateratzeko, baso lanetan aritu zen gaztetan, hargin ondoren, eta Donostiako Cervezas El Leon garagardo lantegian ere ibili zen bost bat urtez, Uztapiderekin batera. Gerratik itzuli eta lantokian berriz ere Zepairekin topatu zenekoa kontatzen du hark Lengo egunak gogoan liburuan: «Bai al duzue guretzat lanik?», galdetu, eta berezko zuen umorez erantzun omen zion Zepaik: «Bai, hori zegok hemen ugariena. Lanez osatuko haizela uste diat hemen! Apaizak eta goardia zibilak ere ez dituk hasi oraindik, eta hortik pentsa ezak, ba, ez dela oso ona izango. Bestela, hasiko hituen horiek ere».

«Esan nahi, ta ezin esan»

Gerraosteko lehen urteetan, Hegoaldean ezin, eta, Ipar Euskal Herrian piztu zen nabarmenago bertsolarien mugimendua. Teodoro Hernandorenak bultzatuta, 1944 edo 1945 inguruan hasi ziren berriz txapelketa batzuk egiten, Donibane Lohizunen. Hegoaldean, 1935-1936koen oroitzapena bazen oraindik, eta 1946an Tolosan egindako «txapelketa-moduko» saio bat aipatzen zuen Manuel Lekuona zenak gerra ondorengo lehenengotzat. Gai jartzaileak «Generalisimoari bertso bat botatzeko» eskatu zien bertsolariei saioaren aurretik, eta etxera alde egitekotan egon omen zen Zepai.

Geldiarazi zuten azkenean, eta puntuari erantzun behar izan zion: «Francisco Franco degu/ Españan gizona...». Eta Zepaik, Bertsotan liburuan datorrenez: «Aspaldi hontan hemen, agintzen dagona/ esan nahi, ta ezin esan, hau bai dala lana/ anai maite bat nuen, gerran galdu zana». Lekuonak aipatzen zuenez, geroztik ez zen urteetan plazan gehiegi azaldu. 1959ko eta 1962ko Gipuzkoako txapelketan behintzat kantatu zuen, ordea, eta 1969an eta 1970ean Donostiako Loiolan egindako bi saio ere aipatzen ditu Antonio Zabalak.

«Hau isilik ez zen egongo, nahikoa bizi izan zuen gerran eta», dio Igartzabalek ere, hildako anaia hari buruzko bertso bat ere bazuela gogora ekarrita, Igeldon kantatua. Gogoan du Zepairekin Abadiñora joandako batean izandako pasadizoa ere: «Goizean egin genuen bedeinkazioa, eta arratsaldeko saiorako, agoazila zegoen atean jarrita; cariz político-edo ez dakit zer, eta ez zegoela egiterik. Gizarajoak laster alde egin zuen handik».

Zela esan nahi eta ezina, zela garaitsu hartan hasitako tabernari lanari lotua egon beharra, azken urteetan ez zen gehiegi aritu Zepai. Hura hil ondoren, Zepai saria antolatu zuten Idiazabalen, 1971 eta 1979 artean. Florentino Goiburu zenak irabazi zuen lehen edizioa, eta, omenaldi hasierako Basarriren hitzek bezala, hutsune baten erdian Zepaik egindako lokarri lana eta garai hartako giroa ilustra ditzake idiazabaldarrak Bertsolari aldizkarian kontatzen zuenak: hura izan zela ezagutu zuen lehen bertsolaria, eta Txirritaren liburu bat eman ziola, ardiak zaindu bitartean, udaberrirako denak buruz ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.