Datorren artearen printzak

Maria Muriedas, Izaro Ieregi eta Maider Gonzalo saritu dituzte Ertibil lehiaketan. Bilbon erakusketa antolatu dute parte hartu duten hemezortzi artistaren lanekin
Izaro Ieregi, Maria Muriades eta Maider Gonzalo Salceda artistak Bilboko Rekalde aretoan.
Izaro Ieregi, Maria Muriades eta Maider Gonzalo Salceda artistak Bilboko Rekalde aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Iñigo Astiz -

2018ko maiatzak 20
Baso ilunean korrika betean doa gizon bat iluntasunetik iluntasunerantz, eta iluntasunik erabatekoenean arituko litzateke korrika, baldin eta bigarren korrikalari batek atzetik argi foku batekin segituko ez balu, eta harekin bidearen metro batzuk argituko ez balitu. Abiapuntu argirik gabe eta amaierako helmugarik gabe, egingo duten hurrengo urratsaren ziurtasun bakarraz, argi salbuespen bat osatzen dute bi korrikalariek gau trinkoan. Buklean erakusten du bi korrikalarien saiakera etsia Lucifer bideo piezan Maria Muriedas Diez artistak (Mungia, Bizkaia, 1994), eta lan horri esker lortu du Ertibil Bizkaia lehiaketako lehen saria. «Bideoan bideari ematen zaio garrantzia eta ez hainbeste helmugari edo amaierari», azaldu du sortzaileak. Izaro Ieregi eta Maider Gonzalo Salceda artisten lanak ere saritu ditu epaimahaiak, eta lehiaketan parte hartu duten beste hamabost artista gazteren lanekin batera jarri dituzte orain ikusgai Bilboko Rekalde aretoan.

29. edizioa bete du aurten erakusketak, eta saria izan du aurtengoan lehiaketak. Japonian hiru hilabeteko egonaldia egingo dute saritutako hiru artistek, eta, beraz, Tokio eta Fukuoka hirietan egongo dira Gonzalo Salceda, Ieregi eta Muriedas Diez ekaina, uztaila eta abuztuan.

Berria da egonaldiena. Artista gazteak lehiaketan parte hartzera motibatu nahi izan ditu sari horrekin deialdia antolatzen duen Bizkaiko Aldundiak, eta, horrekin batera, saritutako artistei aukera eskaini nahi izan die beren lana nazioartekotzen saiatzeko. Edonola ere, Lorea Bilbao Kultura diputatuak zehaztu duenez, esperimentu moduko bat izango da aurtengoa, eta sarituak Euskal Herrira bueltatzerakoan aztertuko dute hurrengo urteetan ere egonaldiei eutsiko dieten edo ez. «Aurten urrats sendo bat eman nahi izan dugu Ertibili bestelako hauspo bat emateko».

Guztira, Bizkaikoak diren edo Bizkaian bizi diren 90 artistak bidali dituzte aurten beren lanak erakusketarako, eta haietariko hemezortzi hautatu ditu epaimahaiak. «Honek erakusten du Bizkaian badagoela talentua», laburbildu du Bilbaok.

Albumak eta artxiboak

Familia oroitzapenak eta memoria kolektiboa uztartzen dituen Time for Love bideo lanari esker lortu du lehiaketako bigarren saria Izaro Ieregi artistak (Getxo, Bizkaia, 1987). Denbora darama sortzaileak gorputzaren eta bortizkeriaren ideien inguruan lanean, eta denbora eman du Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren artxiboko materiala ikertzen ere. Euskal gaztazkarekin lotutako milaka eranskailu, kartel eta irudi biltzen ditu bilduma horrek, eta horiek arakatzen aritu da Ieregi. Azaldu duenez, ordea, une batean beharra sentitu zuen «gorputz kolektiboa» pixka bat alboratu, eta «gorputz intimoa» deitu duena lantzeko. Orduan jo zuen familia albumetara, eta bertan topatutako irudiak dira Lazkaoko artxibokoekin uztartu dituenak.

«Oso oinarrizko metodologiarekin hasi nintzen irudiak elkarrekin harremanetan jartzen», azaldu du. Bateko eta besteko argazkietako keinuen antzekotasuna hartu zuen kontuan, adibidez, eta detaile formal horien bidez uztartu ahal izan ditu etxeko eta artxiboko irudiak. Metraileta bati heltzen, besoa altxatuta ageri da ETAren afixa bateko giza irudia, esate baterako, eta keinu horrek ematen dio aitzakia artistari, haren gainean antzeko keinuarekin elurretan jolasean dabilen senidearen argazkia txertatzeko.

Bi koadrok osatzen dute Eranskailu loreak pieza, eta lan horri esker lortu du hirugarren saria Maider Gonzalo Salcedak (Bilbo, 1994). Sortzaileak azaldu duenez, irudia du bere langai nagusia, eta kasu honetan ere hala osatu du artelana. «Intuizioz jokatzen dut irudiak elkarrekin harremanetan jartzerakoan, baita ere lekuaren arabera ere, irudi horiek nola erakutsi aukeratzean ere».

Ohi bezala, ibiltaria izango da erakusketa aurten ere, eta Bilbon egon ostean, Gasteizen izango da uztailaren 2tik aurrera. Lehen aldia du erakusketak Bizkaitik kanpo, eta urriaren 1era arte egongo da Montehermoso Kulturunean ikusgai. Urrian, Durangoko Arte eta Historia Museoan egongo da bilduma, azaroan Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean eta Sestaoko Musika Eskolan ere izango da abenduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñigo Astiz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna