Albistea entzun

Kirola, euskara eskolatik kalera igarotzeko zubia

'D ereduko kirola' ikerketa egin dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk gazteen kirol taldeetan. Hizkuntza ohituretan taldeak duen indarraz ohartarazi dute. Euskara aintzat hartu eta kirolaren birdefinizio bat galdegin dute

Neska-mutilak Zubietan, gazteentzako futbol jardunaldi batzuetan.
Neska-mutilak Zubietan, gazteentzako futbol jardunaldi batzuetan. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko martxoak 28

Eskolatik kanpo nola indartu euskarazko sozializazioa haur eta gaztetxoen artean? Galdera horri erantzuten hasi, eta kirolari erreparatu dio Soziolinguistika Klusterrak. «Kirolak pisu handia dauka, bai kuantitatiboki, bai gizartean duen ospeagatik», azaldu du Pablo Suberbiolak, klusterreko ikertzaileak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailarekin batera, D ereduko kirola izeneko ikerketa egin dute. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Zubietan (Donosrtia, Gipuzkoa) egindako jardunaldian.

«Gaur [atzo] bertan, Bilboko errugbi talde bateko kideek esan digute nahiz eta entrenatzaileekin saiatu diren euskararen erabilera indartzen, euskara eskolako hizkuntza den iritzia urteetan barneratu dutenez urratsa egiten ahalegindu direnean erantzuna hori izan dela: 'Euskaraz ari zara? Ez gaude eskolan eta!'». Ohartarazi du lan egin beharko dela halako aurreiritzien kontra. «Uste dugu euskal soziolinguistika berritu daitekeela eremu horretatik ere. Beste eremu batzuetan ari dira gauzak egiten, eta iruditzen zaigu honetatik ere etor daitezkeela berrikuntza interesgarriak», azaldu du Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak.

Ikerketarako bost kirol talde hautatu zituzten: Gasteizko Zaramaga pilota elkartea, Getxoko Aixerrota boleibol taldea, Arrigorriagako (Bizkaia) Padura saskibaloi kluba, Donostiako Reala eta Zarauzko (Gipuzkoa) Zarautz eskubaloi taldea. «Kirola aisialdia da, baina bada arautua dagoen esparru formalagoa ere. Nolabait, kirolak badu eskolaren eta kalearen artean hirugarren esparru izateko ezaugarriak», azaldu du Suberbiolak. Bost talde horiek badute ezaugarri komun bat: euskara nahi dute euren taldeetan, eta horretarako lan egiten dute. Eta bide horretan oztopoak gainditu behar izaten dituzte etengabe. Horretan laguntzen ere ahalegindu dira ikertzaileak. Adibidez, ohartu dira gazteek ez dutela berdin jokatzen entrenatzailearekin daudenean edo euren artean berba egitean. Lehen kasuan baino euskara gehiago erabiltzen dute bigarrenean.

Ikerketaren lehen urtean entrenatzaileekin egin zuten lan. Lehen azterketa egin ondoren, entrenatzaile eta jokalariekin lan egiteko modu berri baten bila hasi, eta horretarako materiala sortu zuten: unitate didaktiko bat. «Bereziki komunikazio lanketa bat egin da, modu esperimentalean; talde mailako komunikazioarena, betiere taldetasunetik eta eurek adostutakoan oinarrituta». Ikerketaren bigarren parte horretan, besteak beste, kirolean aritzen diren gaztetxoekin elkarrizketak izan dituzte. Entrenatzaileekin abiatuta, jokalari taldeetara igaro dira prozesuak aurrera egin ahala.

Horri lotuta, ohar bat egin du Suberbiolak: «Askotan entrenatzaileengan jartzen da arreta, baina ikusi dugu jokalariek eta entrenatzaileek berehala nabaritzen dutela klubean euskara erabiltzeak garrantzia daukan edo ez. Gazteei begira gaudenean, lehen lana helduek egin behar dute. Kasu honetan, kirol taldeetako arduradunek dute, neurri handian, euskararen erabilera benetan gerta dadin baldintza egokiak sortzeko aukera eta erantzukizuna». Hala ere, gero protagonismoa gazteek hartu behar dute. «Haiek gabe espazio honek ez luke zentzurik izango». Uste dute oinarrizko banaketa hori errespetatu egin behar dela: ardurak eta eginbeharrak onartu; baita eskubideak bermatu ere.

Taldearen indarra

Hernandezen esanetan, «ezinbestekoa» da kirola eragile gisa hartzea. «Beste aukera bat da». Beste horri bi adiera eman dizkio. «Beste esaten dugu, kirolaz gain hor daudelako beste batzuk: familia, eskola, lagun taldea... Eta guztiak hartu behar dira kontuan. Eta beste esaten dugu, kirola berezia delako, beste era batekoa, arreta berezia merezi duena eta aukera asko eskaintzen dituena». Ez da euskara eta kirola lotu dituen lehen proiektua. «Baina orain bereziki kirolari erreparatzeko garaia dela iruditzen zaigu».

Hernandezek nabarmendu du kirolaren potentzialitate handiena taldearen garrantzia dela. «Kirol batzuk taldean egiten dira; beste batzuk, banaka; baina guztietan taldea presente dago. Pilotan, adibidez, taldean entrenatzen dira, nahiz eta banaka jokatu». Uste du talde nortasun horrek berebiziko indarra duela. «Eskolan gazteak hizkuntzarekin daukan lotura norbanakotik abiatzen da: 'ikasi behar dut', 'azterketa egin behar dut', 'idazlan hau daukat idazteko'... Taldean, berriz, ez da bakarrik norberak euskararekiko duen ardura, baizik eta talde moduan daukagun ardura. Ardura konpartitu gisa aurkeztuko badugu, errazagoa izango da gazteengana iristea». Eta galdera bota die: «Talde moduan zer nahi dugu?».

Hernandezek kontatu du klub batzuek esan dietela esperientzia horrek taldea trinkotzeko balio izan diela. Esan du eurentzat talde trinkoak edukitzea oso garrantzitsua dela. «Talde trinkoa lurra da. Eta guk lurra behar dugu haren gainean beste gauza batzuk eraikitzeko. Talde trinko eta sendo batetik abiatuta, gauza asko lor daitezke. Gure kasuan, euskararen erabilera. Baina beste helburu batzuk ere izan daitezke. Taldea ez bada trinkoa, askoz ere zailagoa da edozein lan egitea, eta helburu batzuk lortzea».

Estrategia berezia

Errealitatearen parte bat aztertu dute. Baina Suberbiolak azpimarratu du ez daudela berdinak diren bi klub. «Kirol motaren, testuinguru soziolinguistikoaren edo taldearen tamainaren arabera, egoera asko aldatzen da». Horregatik, ez dute aurkitu guztientzat balio duen formula bakar bat. «Ezin dugu esan: 'Hau eginez gero, dena hobetuko da'», aitortu du Hernandezek. Baina gogoetarako eta eztabaidarako oinarri bat utzi nahi izan dute, lanerako proposamen orokor batzuk egin.

Besteak beste, kirolaren birdefinizio baten beharra azpimarratu dute, hizkuntzaren eta euskararen begiradatik egina. «Hiztun gaztetxoen begirada eta hizkuntza errealitate askotarikoa ere oso aintzat hartu behar dira birdefinizio horretan». Uste dute kirolak ez duela zertan eskolak egindakoa errepikatu. «Eremu bakoitzaren izaera eta helburuak ezberdinak dira». Hirugarren esparru gisa aurkeztu dute kirola, eta, horregatik, iruditzen zaie estrategia bereziak behar dituela. Ildo horretan, bakoitzaren betebeharrak definitzearen alde egin dute: federazioak, klubek, tutoreek eta familiek. Nabarmendu dute kirola dela gazte askorentzat eskolatik kanpo euskararekin harremana mantentzeko aukera bakarra.

D eredua, jalgi hadi plazara

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, Mungian. ©Aritz Loiola / Foku

Publikoa, 30. aldiz babestua

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute gaur, Mungian. Bestaren bitartez eskola publikoaren aldeko aldarria egitea da ekitaldiaren helburu nagusietako bat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ibai Maruri Bilbao

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.