Albistea entzun

Hezkuntzaren digitalizazioa

Datuen negozioa ikasgela barruan

Negozioa besteak beste datuen ustiaketan oinarritzen duten enpresa multinazionalen eskutik egin da hezkuntza zentroetako ikasgelen digitalizazioa. Alternatiba modura, software askean ardazturiko ereduak indarra hartzen ari dira.
Donostiako Zurriola ikastolako Batxilergoko ikasleak, ikasgelan.
Donostiako Zurriola ikastolako Batxilergoko ikasleak, ikasgelan. ZURRIOLA IKASTOLA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Agirre Perez -

2021eko urriak 12

Euskal Herriko hezkuntza sistemen azpiegitura digitalak, ia bere osotasunean, AEBetako bi enpresa multinazionalen esku daude: Google eta Microsoft. Horiek dira hezkuntza zentro gehienetako ordenagailuetan erabiltzen diren sistema eta programen hornitzaileak, eta horien esku dago, beraz, ikasle zein irakasleek pantailaren aurreko jardunean sortzen dituzten datuak jaso eta erabiltzeko gaitasuna.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren azken diagnostikoak agerian utzi du bi erraldoi teknologikoek ikasgeletan duten presentzia zabala: lehen eta bigarren hezkuntzan eginiko inkesten arabera, Windows (Microsoft) eta Chromebook (Google) sistemak ikastetxeen %41etan eta %46tan erabiltzen dira, hurrenez hurren, eta software askeko sistemen erabilera, berriz, soilik %8koa da. Eta, Hezkuntzan Librezale elkartearen arabera, errealitate hori bertsua da baita Nafarroan eta Iparraldean ere.

Gurasoz eta irakaslez osaturiko elkarte hau Euskal Herriko hezkuntza zentroetan emandako digitalizazio ereduarekiko kezkaren bueltan osatu zen, 2017an, eta, geroztik, gaiaren inguruko eztabaida publikoa eta software askearen erabilera sustatzeaz arduratu da. Haren aldarria berriki pasatu da Eusko Legebiltzarretik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ikasgeletan software eta hardware askea sustatzeko aurkeztu zuten proposamenarekin, baina ez zuten onartu, EAJren, PSEEEren eta PPC's-en aurkako bozekin.

«Aukera galdu bat»

Iratxe Esnaola informatika ingeniaria eta Hezkuntzako doktorea da, eta, haren ustetan, egun hartan «aukera handi bat galdu zen» Legebiltzarrean, hezkuntza sistema software askeetara migratzeko plan bat osatzeko abiapuntua izan zitekeelako. Haren iritziz, ikasgelen digitalizazioa multinazionalen esku uztea «jarraitu beharreko bidearen justu kontrakoa» da, besteak beste, adingabeen pribatutasuna, ikasleen alfabetatze digitala eta datuen burujabetza auzitan jartzen dituelako. Alde horretatik, teknologiaren neutraltasunik ezaz ohartarazi du: «Dituzun interesen arabera, teknologia bat edo beste hautatzen duzu». Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du gaiaren inguruko benetako eztabaida publiko bat izatea eta «botere politikoa dutenek hezkuntzaren funtzio sozialari erantzungo dion estrategia digital bat garatzea».

Negozioa publizitatean oinarritzen duen enpresa bat izanik, bistakoa da Googlek interes bat dauka erabiltzaileen datuak eskuratzean, eta, horregatik, hezkuntza sisteman sartuta egoteak «ate berriak» ireki dizkiola nabarmendu du Esnaolak: «Hezkuntzan egin duen bidearekin, beste modu batera lortu ezin zitzakeen datuak eskuratzen ditu, 10 urtetik beherako ume askok bestela ez bailukete Google konturik izango».

Enpresek datu horien ustiapenetik atera dezaketen etekinetik harago, arriskurik handiena digitalizazio eredu horrek etorkizunera begira izan ditzakeen ondorioetan dagoela uste du, ordea, ingeniari eta doktoreak: «Pentsa 8 urte dituzunetik zure nabigazio esperientzia guztiak jasotzeko eta prozesatzeko gaitasuna izan duen enpresa batek zer-nolako eragina izan dezakeen zure erabakietan».

Hala, teknologia pedagogikoki integratzeko estrategia egoki baten faltan, Googleren eta Microsoften presentzia hegemonikoak «hezkuntzaren funtzio sozialaren aurka» doan menpekotasun eredu bat sortzen duela uste du Esnaolak, etorkizunerako «hiritar digital aske eta arduratsuak» heztea galarazten duena.

Software askea, alternatiba

Iñigo Gebara Hezkuntzan Librezale elkarteko kidea ere menpekotasunaz aritu da: «Haurrak eta nerabeak natibo digitalak dira, baina soilik erabiltzaile gisa. Google eta Windows erabiltzen dituzte, baina gehienetan ez dute ulertzen erabiltzen duten programaren atzean zer dagoen, eta produktu jakin batzuen kontsumitzaile modura hezten dira».

Gebara irakaslea da Irungo Hirubide institutuan, eta bere zentroan digitalizazio eredu alternatibo baten aldeko apustua egitea erabaki zutela azaldu du. Hala, ikasle eta irakasleek kode irekian oinarritutako Linux sistemaren banaketa bat erabiltzen dute, eta haien behar guztietara egokitutako tresnak eskaintzen dizkie. Irakasleak azaldu duenez, software askean oinarritutako sistema bat erabiltzeak aukera ematen die ikasleei beren formakuntza digitalean «beste pauso bat» emateko, programen erabiltzaileak izateaz gain horien iturburuak kontsultatu, ulertu eta aldatzeko aukera daukatelako, beren gaitasun digitaletan sakonduz.

Gainera, software askeko sistemek euskararen sustapena indartu dezaketela azpimarratu du Gebarak, programak editatu ahal izateak itzulpenetarako aukera errazten duelako, eta egungo ereduarekin euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe geratzen delako.

Bestalde, kode irekia duten sistemek datuen kudeaketa «gardenago» bat egiteko aukera ematen dutela gogoratu du. Egun, Googlek eta Microsoftek, jasotzen dituzten datuekin, ikasgelaz ikasgelako, ikasturtez ikasturteko, zentroz zentroko eta auzoz auzoko erradiografiak egin ditzakete, baina haien programen kodeak ikuskaezinak dira, eta jasotako informazioa, pribatua. «Software askearekin, berriz, une oro ikuska daitezkeen sistemak izan ditzakegu, gureak, eta guk erabaki dezakegu horien erabilerarekin jasotako datuekin zer egin nahi dugun», zehaztu du Gebarak.

Horiek horrela, eskolak datuen «meategi» modura erabiltzen dituzten multinazionalei «lehiaketa publikorik gabeko esleipenak» egin beharrean, ikasgeletan «digitalizazio demokratikoago baten aldeko apustua» egiteko eskatu die erakundeei Hezkuntzan Librezale elkarteko kideak: «Onartuko al genuke McDonald'sek gure eskoletako jangelak kudeatzea? Ba, hemen antzeko zerbait gertatzen ari da. Hezkuntza sistema Googleren eta Microsoften esku uztea izugarrizko arduragabekeria da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Papresa enpresaren paper fabrika, Errenterian. ©ARKAITZ ANZA

Paper industriaren hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatu nahi dituzte Bergaran

Imanol Magro - Eizmendi Iñaki Petxarroman

Urtean 155.000 tona hartuko lituzke, eta Euskadiko Paperaren Klusterra du sustatzaile. Zaldibarrek hondakin horietarako utzitako hutsunea estali nahi du proiektuak. Hirigintza baimena lortuta, ingurumen tramitazioa hasi dute

EHUren Donostiako campuseko fakultate bat, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta / efe

ELAk azaldu du EHU zigortu dutela ikertzaile eta irakasle batzuek jasandako «soldata diskriminazioagatik»

Irati Urdalleta Lete

ELA sindikatuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen eta Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programen bidez kontratatutakoei zuzenean kontratatutako ikertzaileei eta irakasleei baino 7.000 euro gutxiago ordaintzen zizkieten.

Indarkeria matxistaren aurka iaz Zarautzen eginiko protesta baten irudia. ©Jon Urbe, FOKU

Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Uxue Rey Gorraiz

Erasoa joan den igandean gertatu zen, goizaldean. Atxilo eraman zuten gizonezkoa, eta asteartean igaro zen epailearen aurretik. Zarauzko eta Zumaiako udalek elkarretaratzera deitu dute biharko.

Gaur goizean datuak azaltzeko egin duten agerraldia. ©Bilboko Udala

Bilbon 2.100 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta 6.000 eskaera etxebizitza bat eskuratzeko

Jone Arruabarrena

Gazteetan ageri dira etxebizitzaren arloko daturik kaskarrenak: 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi dira. Bilboko Udalak jakinarazi du «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko duela datorren urterako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.