Urte eta erdiko espetxe zigorra 'Tour la Manada' webgunea sortu zuenari

Sanferminetako sexu erasoaren biktima «umiliatzea» eta «integritate morala urratzea» egotzi dio epaileak. 15.000 euro pagatu beharko ditu

Protesta bat, Iruñean. I.ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Iruñeko 1. Zigor Epaitegiak urte eta erdiko kartzela zigorra eta 15.000 euroko kalte-ordaina ezarri dizkio 2018ko abenduan Tour la Manada izeneko webgunea sortu zuenari. Akusatuak —39 urteko gizonezkoak— 2016ko sanferminetako talde bortxaketan girotutako «bisita turistikoak» iragarri zituen webgune hartan.

Akusazio partikularrarekin bat egin du epaileak, eta ebatzi du ezen, bisita gidatuak argitaratuta —horiek faltsuak izanda ere—, auzipetuak kalte egin ziela bortxaketaren biktimaren buru osasunari eta «integritate moralari»: «2016ko uztailaren 7ko gertaerez geroztik, traumaren osteko estres sindrome kronikoa du, eta gaitz hori larriagotu egin zuen webgunearen sorrerak». Zehazki, webgunea ikusi ostean, emakumezkoak «botikak hartu behar izan zituen berriz», eta aurtengo maiatzera arte «ez du normaltasuna berreskuratzerik izan».

Azaroaren 26an egin zuten epaiketa: akusazio partikularrak gorroto delitua eta integritate moralaren aurkako delitua egotzi zizkion akusatuari. Hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, 4.050 euroko isuna eta 20.000 euroko kalte-ordaina eskatu zituen. Fiskaltzak, berriz, absoluzioa galdegin zuen.

Epaiketan, webgunearen sortzaileak argudiatu zuen dena «txantxa bat» izan zela. Epaileak ez du argudio hori ontzat eman: «Salatzaileak sentitu zuen [webgune hark] bere sufrimendua banalizatzen zuela, eta ustezko kritika edo txantxa baten izenean erabiltzen zuela, bere duintasunarekiko mespretxu argiaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.