Gorka Orive.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Aste mugituak datoz

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urte gutxi izan dira aurtengoa baino gogorragoak, eta orain urtearen azken txanpan gaude. Historia liburuek COVID-19 pandemiaren urtea izan zela gogoratuko dute, eta zientzialariek historiko gisa deskribatuko dute; izan ere, posible izan da 11 hilabetean gaixotasunaren aurkako txerto bat onartzea (Erresuma Batuan), mRNA-n oinarritutako teknologia bat erabilita (azido erribonukleiko mezularia), SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia identifikatu, genotipoa egin eta argitaratu eta gero. Urtea sentimendu nahasketa batekin amaituko dugu: batetik, (ikuspuntuaren arabera) egunero dozenaka edo ehunka hildako izatearen naturaltasun izugarria dugu; bestetik, Eguberrietan senitartekoekin birusaren begiradapean elkartzeko eta elkar ikusteko atarian gaude; azkenik, tunelaren amaieran argia ikusten hasi gara, hainbat hilabete pasatu eta gero ziurtasunik gabe, etsipenez eta behartuta egokitu beharrean.

Aste eta hilabete mugituak heldu dira. Hainbesteraino, non agian nobedadeek albiste izateari utziko dioten. Herrialdeek, agentzia arautzaileen babespean, txertoak onartuko dituzte banan-banan, eta horrek bide emango die txertaketa planei. Hamahiru txerto hautagai daude III. faseko saiakuntza klinikoetan, eta, beraz, enpresek, segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko behin-behineko datuak kontuan hartuta, agentziei bidaliko diete informazioa, behin-behineko merkaturatzea lortzeko asmoz. Hilabete horietan, saiakuntza klinikoen behin-behineko emaitza zehatzak argitaratuko dituzte munduko zientzia aldizkaririk ospetsuenetan; nazioarteko komunitate zientifikoak haien garrantzia ulertu eta eztabaidatu ahal izango du, eta gero jendartera zabaldu ahal izango ditu.

Interesgarria izango da txertoaren fase bat aztertzea, zeinetan herritarren ehuneko batek txerto mota bat hartua izango duen, beste ehuneko batek beste txerto bat, eta gainerakoak txertoa hartzeko zain egongo diren. Garai bitxia izango da, zalantzarik gabe: prebentzio neurriak indarrean eduki beharko dira, eta garrantzitsua izango da lasaitasunari eustea, harik eta desio dugun talde immunitatetik hurbil dagoen immunizazio maila bat lortu arte.

Ia bederatzi hilabete igaro dira Euskadin amesgaizto hau hasi zenetik. Izango diren gertaerek inflexio puntu bat ezar dezakete pandemian. Bitartean, ez dugu aholkurik garrantzitsuena ahaztu behar: ez gaitezen kutsatu, geure hobe beharrez, eta inor ez kutsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.