Noiz sortua: 2020-07-01 00:30:00

Ia hamabortz isun egunean

'Mozal legea' martxan izan den bortz urteotan 26.637 isun jarri dituzte Hego Euskal Herrian lege hori ezarrita. Drogei eta Poliziarekiko harremanari dagozkie gehienak.

<em>Mozal legearen</em> aurkako protesta bat, Bilbon.
Mozal legearen aurkako protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko uztailak 1

Zigortu dituzte kazetariak, protesta baketsuak egiten zituzten militanteak, txiolariak eta ertzainei euskaraz mintzatu zaizkien herritarrak. Bortz urteotan zer erran handia eman du mozal legeak, eta ez da gutiagorako: Hego Euskal Herrian 26.637 isun jarri dituzte lege horrekin lotuta. Alegia, 14,5 isun egunean.

Ertzaintzak eta Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak emandako datuak dira, Hego Euskal Herrian dauden polizia mota guziek ezarritako isunei buruzkoak. Eskubide sozial eta politikoen aldeko Eleak Libre mugimenduaren arabera, ordea, gehiago ere izan daitezke zigorrak: Hego Euska Herrian 28.000tik gora isun jarri dituztela uste du taldeak. Datu horiei guztiei gehitu behar zaizkie, gainera, koronabirusaren ondoriozko alarma egoeran jarritako isunak. Izan ere, Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak emandako datuak soilik martxora artekoak dira, eta Ertzaintzarenak, berriz, maiatzera artekoak. Alarma egoerakoak gehitu behar zaizkie Nafarroako datuei, eta ekainekoak EAEkoei.

2015eko uztailaren 1ean jarri zuen Madrilek indarrean Herritarren Segurtasunerako Legea, eta askotarikoak izan dira orduz geroztik hura aplikatzeko erabili dituzten arrazoiak. Poliziak berak emandako datuen arabera, hiru arau hauste nagusi erabili dituzte mozal legea ezartzeko: legez kanpoko drogak kontsumitu edo edukitzea; baimenik gabe armak eduki, erakutsi edo erabiltzea; eta poliziarekiko errespetu falta, desordena publikoak eragitea eta autoritateari desobeditzea.

Kopurutan, drogengatik jarri dituzte isun gehien bortz urteotan: 12.715 espediente ireki dituzte Hego Euskal Herrian, guztira. Poliziarekin izandako harremanarekin edota protesta sozialekin lotutakoak dira bigarren arrazoia: 7.900 isun bortz urteotan, Poliziaren arabera Eleak Libre mugimenduaren hitzetan, 8.000tik goiti izan daitezke. Eta debekaturiko armak eduki edo erabiltzeagatik, berriz, 3.878 dira Hego Euskal Herrian mozal legea oinarri jarritako isunak.

Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak ez du zehaztu zein Poliziak jarritakoak diren zigorrak: izan daitezke Espainiako Poliziarenak, Guardia Zibilarenak, Foruzaingoarenak zein Udaltzaingoak jarritakoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldea nabarmena da udaltzainen eta ertzainen artean: isunen %77 Ertzaintzak jarritakoak dira ez dute eman Espainiako polizien daturik.

Urteka, 2018an ireki zituzten espediente gehien: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 5.456 isun jarri zituzten guztira urte horretan Nafarroako datuak ez dituzte urteka eman. Hiru probintzietan bakarrik, beraz, egunean hamabortz isun jarri zituzten 2018an. 2015etik 2018ra areagotuz joan da isunen kopurua, urtez urte, eta modu azkarrean. Izan ere, 2015ean EAEko poliziek 434 isun jarri zituzten mozal legearekin lotuta, eta hortik hiru urtera, berriz, ia hamabi aldiz gehiago: 5.456 espediente. 2019an, aurreko urtean baino gutxiago izan ziren, baina 4.770 isun jarri zituzten EAEn, halere. Herrialdeka, Gipuzkoan jarri dituzte isun gehien bortz urteotan (9.240), Bizkaian ondoren (8.212), Nafarroan hurrena (6.930) eta Araban gutxien (2.255).

«Dena da delitua»

Eleak Libre mugimenduak salatu duenez, mozal legearen ondorioz «adierazpen askatasunak, mobilizazioak egiteko eskubideak eta informazioa jaso zein zabaltzeko eskubideek izugarrizko murrizketak» jasan dituzte azken bortz urteotan: «Indarrean sartu zenetik ez dute etenik izan eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako erasoek». Salatu dutenez, «dena da delitua Espainiako Estatuan, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian».

Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak gogoratu du Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak legearen aurkako iritzia eman zutela 2016an, baina salatu dute ordutik euren ardurapean diren poliziek legea aplikatzen jarraitu dutela: erraterako, Ertzaintzak eta Foruzaingoak. Euskal Herriko sindikatu, herri mugimenduko talde eta hedabide ugarik ere legea indargabetzeko eskaera egin dute hainbat alditan.

Eleak Libre mugimenduak salatu du, gainera, koronabirusaren testuinguruan Madrilek «indarrez» erabili duela mozal legea: «Hego Euskal Herrian 29.673 aldiz erabili da». Hau da, hiru hilabetean gehiago ezarri izanen lukete mozal legea bortz urtean baino. Eleak Libreren hitzetan, NBE Nazio Batuen Erakundeko adituek joan den martxoaren 16an ohartarazi zuten konfinamenduan eman beharreko erantzunak «proportzionatua eta ez-baztertzailea» izan behar zuela: «Martxoaren 19an gauza bera esan zuten aditu horiexek informazio askatasunaren inguruan, baina dena alferrik izan da». Eleak Libreren ustez, Madrilek koronabirusaren krisialdia «erabili» egin du «etorkizuneko bitarteko errepresiboak indartzeko, batez ere teknologia berrien erabilerari dagokionez».

Mugimenduak Espainiako Gobernuari eskatu dio indargabetu dezala «epe laburrenean PPk aldebakartasunez inposatu zuen mozal legea». Uste dute «posible» dela oraingo gobernuarekin. Hego Euskal Herriko herritarrei, berriz, desobedientziarako deia egin diete: «Gure eskubideen eta askatasunen defentsan eta praktikan makurrezinak izan behar dugu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordizian Barrena parkearen goiko aldean, osasun etxearen alboan jarri duten gunea. / ©Jon Ruiz

Ordizia, Etxezarreta kaleko zerbitzarien emaitzen zain

Jon Ordoñez Garmendia

Ekainaren 27az geroztik Etxezarreta kaleko ostatuetan ibili direnei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, badaezpada, eta ilara luzea sortu da horretarako jarritako gunean. Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu gaur hastekoak ziren udalekuak, eta Ordiziako EH Bilduk, kanpaina.

Herritar batzuk PCR proba egiten, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k izan dute COVID-19a

Irati Urdalleta Lete

Seroprebalentzia azterketaren emaitzen arabera, ia 124.000 pertsona kutsatu dira Hego Euskal Herrian.

Maskara sorta salgai ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna