Angel Erro.
JIRA

Ausikia

2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ausikia, arrangura edo alhadura, hirurak A letraz hasita, erabiltzen ahal dira barrukoa damuz erretzen zaizuneko sentipena izendatzeko. Bada laugarren hitz bat, baina Euskaltzaindiak hatxez jantzi eta ezin zerrenda horretan sartu: harra.

Azkuek gure baitan kokatzen du zehaztu gabe («Arra barruan euki»), Pouvreauk bihotzean, Arrese Beitiak gibelean («Gibelean ez dozu sekula zuk arrik»); gehienek, berriz, kontzientzian («Kontzientziako harraren ausikia»).

Anatomiako punturen bat eman beharko bagenio kontzientziari, gaur egun, denok burmuinean kokatuko genuke. Horregatik, berriki Canberrako emakume (bizidun) bati garunean medikuek aurkitu (eta atera) dioten harraren kasua historian dokumentaturiko lehena dela entzun eta nekez sinetsi ahal izan dut. Nonbaitetik aterako zuten zaharrek, bada, harraren kontu hori, guretik kanpo ere ematen dena: Shakespearek, kasu, Don Worm (Har jauna) deitzen dio kontzientziari.

Aktualitatearekin lotuago, har horren agerpen shakespearetarraren izu, ez zen Putin Prigozhinen hiletara agertu (geroko antzezlanak tragediaz hornitzen jarraitzen dugu egun), edo Ibarrola alkateak atzera egin du arbolak mozteko teman (baina horren atzean, harrarena ez, beste animalia baten ausikia dago: kastorea).
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.