Angel Erro.
JIRA

Urrea da

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Urrea 2050erako guztiz agortua egonen dela kalkulatu dute zientzialariek. Ez da agor-bide berean den mineral bakarra, baina bai ospetsuena eta sinbolikoena. Honek kapitalismoaren azken profetak konbentzituko ditu planetaren baliabideen ustiatze salbaiaren zentzugabeaz? Ez dirudi. Telebistan dagoeneko iragarri dute aberatsak, inbertitzaileak, bestelako balore seguruen xerka abiatuko direla. Ikusteko dago zeintzuk izanen diren. Diamanteak? Grafenoa? Ura?

Nik beste balore seguru bat proposatuko nuke, ordea: isiltasuna. Ez da betidanik esan isiltasuna urrea dela? Berez, aurreko edozein bezain zaila da lortzen, egoera puruan behintzat.

Aste honetan lagun batek utzi dizkit bere entzungailu berriak probatzeko, zarata deuseztatzeko sistemaz hornituak. Flipatu dut. Gerora jakin dut kanpoko hotsaren negatiboa emitituz neutralizatzen duela zarata, isiltasunera hurbiltzen den zerbait eskainita. Egun osoan ordu guztietan entzungailuak belarrian ikusten ditudan gazte eta ez hain gazteen irudia birplanteatzera eraman nau. Agian ez daude musika edo podcastak etengabe aditzen. Isiltasun botoa egina duten monje modernoen kongregazio sekretu bat balitz? Edo urrearen agorrari aurre egin nahi dioten inbertitzaile azkarrak?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.