Albistea entzun

JIRA

Orientazioa galduta

Angel Erro -

2023ko apirilak 11

Zeure herrian bertan gertatu ahal zaizu, edo zeure hirian. Arrotz sentsazioa ematen dizu. Sakelako mapa digitalen hedapenaren aurretik behintzat. Ez da atsegina orientazioa galtzea. Mundua gure espektatiben arabera gobernatzera ohituta gaude. Gauza txiki bat bere tokitik kanpo aurkitu eta iruditzen zaigu galduta gaudela. Agian bide berriak nora eraman ahal gintuen itsuan arbuiatuz.

Aitortu behar dut zorabio txiki bat nabaritu dudala, ezezagunaren ertzari begira, haragokoa sumatu ezinda. Turkiako presidenteak Irangoari esan omen dio [herrialde] musulmanek batu beharko luketela israeldarrak palestinarren aurka bururatzen ari diren erasoen kontra. Orain arte herrialde musulmanen arteko batasun falta eta, harekin lotuta, AEBen babesa izan da bidegabekeria ahalbidetu duena. Zer gertatuko zen baldin eta...?

Yemenen dugu adibide bat. Estatubatuarrek hamar urtean ezin izan dutena (edo funtsean nahi izan ez dutena) hilabete bakarrean lortu du Txinako diplomaziak. Saudi Arabiak gerra etetea. Ekialdeko bloke bat sortzen ari da gure begien aurrean. Aurreko bidegabekeria batzuei amaiera emanen diena; beste batzuk, berriak, ekarriko dituena. Onerako, beraz, baina ez beti. Normala da iparra galduta egotea mendebaldar(tu)ok.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...