Euskararen tamainak eta historiak zaildu edo bakandu ditu Gidor Bilbaok orain gutxi egin duen aurkikuntza bezalakoak. Perez de Lazarraga ezezagunaren poema errenazentista are ezezagunagoen kasua da izan dugun azken pozbide literario-arkeologikoa.
Oihenarten poema berrienak gogoratzen dizkigu areago literatura handiagoetan ematen diren kasuak. Gureaz aparte, gertuen jarraitzen diodan horretan, kasu, ikerlari batek aurkitu du Manuel Vazquez Montalban idazle katalanaren eleberri ineditoa, ezer argitaratu aurretik sariketa batera aurkeztu eta karpeta batean gorde eta ahaztu (nahi izan?) zuena. Laster argitaratuko dute, haren heriotzaren 20. urteurrenean, nobelista iaio baten lan heldugabeegia ere balio handikoa izan daitekeelakoan. Aurkikuntzak ez du, dena den, Vazquez Montalbanez dugun irudia aldaraziko.
Fenomeno eztabaidagarriagoa da, gauza bera idazleen hil aurretik amaitu gabeko lanekin egiten dutenean haren eskubideen kudeatzaileek. Horraino ez gara euskal literaturan iritsi. Normalizazioaren hurrengo mugarria hori izanen bada ere. Egunotan aditzera eman denez ere, Gabriel Garcia Marquezen eleberri bat, amaitu gabea, noski, argitara emanen dute. Oihenartek ez du, guk dakigula, alargun-oinordekorik, gutaz kanpo.

JIRA
Oinordekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu