Kafkaren labirinto amaigabea

'Naparra kasuaren' nondik norakoen berri eman dute Jon Alonso idazleak eta Eneko Etxeberriak

Elixabete Garmendia kazetaria, Jon Alonso Idazlea eta Eneko Etxeberria Naparraen anaia, atzo. BERRIA.
joxerra senar
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 10ean ikusi zuten azkeneko aldiz. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea Batallon Vasco Españolek desagerrarazi zuen. Nazio Batuen Erakundeko bortxaz desagerrarazitakoei buruzko lantalde bereziak esan ohi du halako kasuak etengabeko delitu bat direla, gorpuzkiak agertzen ez diren bitartean. Horregatik, Jon Alonso idazle iruindarrarentzat, Kafkaren kutsua du Naparraren kasuak. «Adar askoko» baina irtenbiderik gabeko labirinto judizial bat izan baita 41 urtez. Naparraren anaia Eneko Etxeberriaren hitzetan, zauriak irekita jarraitzen du, baina familiak bila jarraitzen du, Landetan egitekoa den bigarren indusketa noiz egingo den«esperoan».

Elixabete Garmendia kazetaria gidari zutela, urte guztiotako nondik norakoen berri eman zuten atzo Jon Alonsok eta Eneko Etxeberriak, Martin Ugalde foroan. Alonsok Naparra kasu irekia liburua argitaratu berri du. Naparraren adin berekoa da, eta, Iruñeko Jesuiten ikastetxean ikasi zuten biek: «Nire bizitzaren parte izan zen; txikitan ezagutu genuen elkar. Gero, bakoitzak bere bidetik jo zuen, baina nire munduaren parte da. Eta hori gehigarri bat da kasuari heltzeko orduan».

Liburuan, testuinguru politiko jakin batean kokatzen du gaztaroa Alonsok: trantsizioan. Diktadorea hil zenean, 17 urte zituzten biek. «Sozializatzeko une horrek bat egin zuen interes politiko bortitzak zeuden garai harekin. Hori izan da gure belaunaldia markatu duen une erabakigarria. Ez da berriz gertatu, eta ez dut uste berriro gertatuko denik». Alonsoren arabera, belaunaldi harentzat trantsizioak gutxi izan du eredugarritik, eta ezinbestekoa da, era berean, garai hura ulertzea. «Hori ez da terrorismoaren apologia egitea. Testuingurua ukatzea tranpa egitea da. Oso garrantzitsua da garai hura ulertzea».

Hipotesi dantza hasieran

Testuinguru horren parte da Naparraren desagerpeneko urteetan gertatutakoa. Eneko Etxeberriak Naparra desagertu zeneko lehen une haiek azaldu zituen. Hilketaren egiletzari buruzko hipotesi dantza izan zen garai hartan, eta Komando Autonomo Antikapitalistetako talderen batek ETAren gaineko susmoa ere zabaldu zuen. Horrek familiari min egin ziola onartu du Etxeberriak, besteak beste garai hartan sektore baten babes politikoa galdu zutelako: «Gogorra izan zen, baina ulertu behar da garai hartako testuinguru politikoa». Argi utzi du familiak hasieratik argi izan zuela BVE zegoela atzean: «Gerra zikinaren parte bat da zalantzak sortu eta dena lehertu nahi izatea».

Etxeberriarentzat oso argi dago hori, eta Alonsoren ustez, %100eko ziurtasuna ez edukitzeak «duda txiki bat» sor dezake, baina zeharkako frogak ildo beretik doaz. Epaileen jarrera ere argigarritzat jo du: «Ikusi besterik ez dago nola tratatu duten familia, nola ez dituzten aintzat hartu eskaerak. Hori beste datu bat da».

Uneotan, kasua argitzeko bi aukera daude. Bata, Landetan. 2016an, kasua berrireki zen, eta, zerbitzu sekretuetako agente ohi baten aitorpenean oinarrituta, bi hipotesi landu ziren kokaguneaz. 2017ko apirilean, lehen indusketa egin zen, eta bigarrena, berriz, egiteko dago. Hiru urte pasatu dira eskaera egin zenetik. «Ez bada, ez da. Behintzat ez gaitezela zalantza horrekin egon».

Beste aukera Espainiako sekretu ofizialen legea aldatzea da, baina ez du itxaropenik Etxeberriak. Haren ustez, «baliagarri» zaio estatuari giza eskubideen urraketa oro estaltzeko. «Ez dago borondaterik. Ematen du egia eskatzen dela gauza batzuetarako, eta beste batzuetarako ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.