«Blokeoaren atzean asmo politikoak daude»

Erresuma Batuko Gobernuak trans legea blokeatzeak hautsak harrotu ditu Eskozian. Florence Oulds ekintzailearen arabera, prozesu demokratiko bat eten dute. Uste du trans komunitatea ez ezik beste herritarrak ere «oso haserre eta minduta» daudela.

Jende andana Eskoziako trans legearen proiektuaren aldeko protestan, joan den astean, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Eskozia parekideago bat sortzeko pauso bat eman zuen orain hilabete Eskoziako Parlamentuak. Iragan hilaren 22an onartu zuten Eskoziako trans legearen proiektua. Baina gutxi iraun zuen pozak; izan ere, Erresuma Batuko Gobernuak lege proiektu hori blokeatu zuen joan den astean. «Jendea oso haserre eta minduta dago», dio Florence Oulds Equality for Network elkarteko eta Scottish Trans Alliance proiektuko langileak.

Alister Jack Erresuma Batuko Eskoziarako ministroak Eskozia Legeko 35. Sekzioa baliatu zuen lege proiektua bertan behera uzteko. Lege proiektu orok Charles III.a Erresuma Batuko erregearen sinadura behar du lege bihurtzeko —Royal Assent deitzen diote erregearen onespen sinbolikoari—. Sekzio horren bidez, Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utz dezake lege proiektu bat lege bihurtzeko prozesua, haien eskumenei eragiten badie.

Joan den astean, historian lehenbizikoz erabili zuten 35. Sekzioa. «Londresek eten egin du Eskoziaren prozesu demokratikoa», iritzi dio Ouldsek. Eskoziako Parlamentuak lege bat onartzen duenetik, lau aste ditu Erresuma Batuko Gobernuak 35. Sekzioaren bidez hori baliogabetzeko. Jackek oniritzia eman eta hiru astera blokeatu zuen Londresek trans legearen proiektua. «Eskoziako Parlamentuak bere eskumenak baliatu ditu trans legearen proiektua aurrera eramateko, eta, prozesu osoan, Erresuma Batuko Gobernuak ez du kexarik adierazi. Amaierara arte itxaron dute legea bertan behera uzteko», azaldu du ekintzaileak.

Trans komunitatetik harago, blokeoak harrabots handia piztu du Eskozian. Protestak egin dituzte Edinburgon, Aberdeenen eta Glasgown. Baita Ingalaterrako zenbait tokitan ere; Londresen, Cambridgen eta Bristolen.

Izan ere, Westminsterrek 104. Sekzioa ere erabil zezakeen legea bere horretan bertan behera uzteko. Sekzio horrek bide ematen dio Erresuma Batuko Gobernuari edozein legetan aldaketak egiteko, legea erabat blokeatu gabe. Baina, ekintzailearen arabera, «Londresek trans legea aitzakia gisa erabili du, Eskoziari azken hitza nork duen argi uzteko». Bada, asmo pertsonalez gain, Ouldsen arabera, «Eskoziako trans legearen blokeoaren atzean asmo politikoak daude». Batetik, iritzi dio Erresuma Batuko Gobernu kontserbadoreko zenbait kidek komunitate transexualaren aurkako jarrera izan dezaketela; baina, bestetik, «Erresuma Batua asko larritzen du Eskoziako independentziaren aferak».

Londresen indar erakustaldiak, ordea, antzeko erantzuna eragin du Holyrood inguruetan. «Hasieran, trans legearen proiektuan batere interesik ez zuten politikari eta pertsonaia publiko askok trans komunitatearen alde egin dute. Batez ere, Eskoziaren independentziaren aldeko mugimenduetako jendeak», azaldu du Ouldsek.

«Aldaketa txiki handi bat»

Eskoziako trans legearen proiektuak atzera botatzen zuen administrazioari sexu aipamenean aldaketa eskatzeko genero disforiaren diagnosi psikiatriko bat aurkeztu beharra, eta 16 urtera jaitsi zuen eskaera hori egiteko gutxieneko adina —oraingo legearen arabera,18 urte izan behar dira gutxienez horretarako—.

Ekintzailearen esanetan, «aldaketa txiki horiek oso handiak» ziratekeen trans komunitateko kideentzat. Izan ere, «oso zaila» da genero disforiaren diagnosia eskuratzea, NHS Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionalean urtebete eta lau urte arteko itxaron zerrenda baitago horretarako. «Ni 2019tik nago zain, eta oraindik ez didate hitzordurik eman», dio Ouldsek. Eta gehitu: «Gainera, transexualitatea ez da gaixotasun mentala; izaeraren ezaugarri bat da, bisexualitatearen edo homosexualitatearen parekoa».

Gaur-gaurkoz, indarrean dagoen legearen arabera, transek bi urte pasatu behar dituzte hausnartzen sexu aipamena aldatzeko eskatu arte. Lege proiektuak hiru hilabete murrizten zuen epe hori 18 urtetik gorakoentzat, eta seira 16 eta 17 urtekoentzat. «Oso zaila da hori frogatzeko dokumentu guztiak biltzea, are gehiago gurasoekin bizi diren nerabe transexualentzat», esan zuen ekintzaileak.

Trans legearen proiektua bertan behera uzteko hainbat arrazoi eman zituen Erresuma Batuko Eskoziarako ministroak, hala nola talka egingo lukeela 2010ean onartutako Erresuma Batuko Berdintasun Legearekin —Ingalaterran, Galesen eta Eskozian dago indarrean—, eta «eragin kaltegarria» izango lukeela «sexu bakarreko klub, antolakunde eta eskoletan».

Ministroak bakarrik ez, legearen aurka agertu diren askok erabili dute azken argudio hori, zera: «arriskuak areagotu» ditzakeela emakumeentzako espazioetan. Oulds ez dator bat iritzi horiekin: «Ez da beharrezkoa sexu ziurtagiri bat izatea emakumeentzat soilik diren espazioetara sartzeko. Gainera, transexualak horietatik kanporatuak izan daitezke, espazio horietako kideek beharrezkotzat jotzen badute».

«Mezu horiek emakume asko beldurtu dituzte, hori da tristeena. Ideia hau sartu diete buruan: 'Transexualez mozorrotutako abusatzaileak ezkutatuta egongo dira emakumeentzako espazioetan', eta, orduan, horietara joateari utziko diote».

Bide judizialetik doaz

Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonen esanetan, Erresuma Batuaren blokeoa aurrekari bat izan zitekeen Eskoziako Parlamentuak etorkizunean onar litzakeen lege proiektuak bertan behera uzteko. Are, trans jendea «arma politiko gisa erabiltzea» egotzi zion Londresi. Horiek hala, ekintzaileak uste du «litekeena» dela Eskoziako agintariek auzitara jotzea, asmo hori iragarri baitzuen Sturgeonek.

Ouldsen ustez, luzerako joko du bide judizialak, baina etorkizun batean lege proiektua errealitate bihurtuko den itxaropena dauka: «Emakume transexuala naizen aldetik, oso etsigarria da gertatu dena. Nire bikotekidearekin ezkondu nahi dut, baina identifikatuta sentitzen naizen sexuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.