Debekua, beraz, atzo hasiko zen, abaia andrazko jantzia eskoletan ezin eramatekoa, Frantzian ikasturtea abiatzearekin batera. Askatasun, Berdintasun eta Senidetasunaren artean ez dago argi oraingoan zein gailenduko den, oraindik ez baitiote laikotasuna gehitu nazio goiburu ospetsuari. Halere, irakurri dut laugarren hatsarre hori bermatzeko bi mila agente arduratuko direla emakumezko ikasleek, emakumezko emakume musulmanek, goian aipatutako soineko luzea ez eramateaz. Garai batean dudarik gabe sinetsiko nuke ikasleak, emakumeak, nerabeak erlijioaren nagusigotik babestu behar horretan. Gaur egun oraindik sinesten dut horretan, baina ez dudarik gabe.
(Duda, baina, ez da deigarria. Dotorea agian bai, ahoz behera aritu ohi delako, nabarmendu gabe; horregatik estali ohi du lehen aldarriak, edonondik etorrita ere.)
Dirudienez, eskuinak eta eskuin muturrak aspalditik eskatutako eskolarako uniforme bateratzailearen aldeko hautua izanen da erlijioaren eta tradizioaren arteko debatea atzean uzteko modua. Denok berdin jantziz gero akabo arazoa, akabo arrazismoa, akabo laikotasunaren aurkako desafioa. Égalité. Akabo debekua ere. Horrek ohartarazi beharko liguke zenbat eta zenbat betebehar ez ote diren, berez, debeku disimulatuak.

JIRA
Debekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu