Angel Erro.
JIRA

Iraultza txikiak

2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Interesez leitu dut Iraultza Txikien Akanpada delakoaz Argia aldizkariak egin duen kronika, iraultza txiki horiek zeintzuk izan daitezkeen eta zertan dautzan jakiteko minez. Garai batean Iraultza Handia izaten zen (duda gutxi zein zen eta zertan zetzan), baina garai nahasiak eta atomizatzaileak dira hauek eta moldatu behar.

Estropezu egin dut sendabelarrei buruzko hitzaldiaren laburpenean (Belarrekin nola esperimentatu eta modu autogestionatuan ikasi, jakintza herrikoia baliatuz industria farmazeutikoarekiko menpekotasunetik askatzeko). Antza, COVID-19a bezalakoen aurkako babesa eman dezakeen infusio batez ere jardun dute. Neure buruari galdetu diot magufismora eramaten ote duen iraultza txiki horietako batek. Horrelako seinale gehiago ikusi ditut hainbatengan. Ezin nik bide horri jarraitu, jaio nintzenetik industria farmazeutikoaren menpekoa naizen aldetik. Ez dut gustuko, baina XX. mendeko zientzia medikoak nire bizi itxaropena hirukoiztu edo laukoiztu du.

Analgesikoak (demagun) esplotazio katearen olioztatzaileetako bat izan daitezke, baina mina ere kentzen dute. Ez dakit azaltzen naizen. Osasun arazo larririk gabekoek bakarrik parte hartu dezaketen iraultza nahitaez izanen da, bai, txikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.