Hidrogenoaren merkatua eratzeko estrategia hautatu du Bruselak

Hidrogenoaren Estrategia aurkeztu du Europako Batzordeak. Hidrogeno berdeaz gain, gas naturala erabiliz ekoitzitakoa ere sustatuko du. 2050era arte inbertsioa 470.000 milioi euroraino irits daiteke

Hidrogeno bidezko labe garaia duen altzairutegi bat, Alemanian. RIEDEMANN VOGEL / EFE.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Moda-modan jarri da hidrogenoa. Handik eta hemendik hidrogeno berdea ekoizteko eta erabiltzeko proiektuak agertzen ari dira, eta Euskal Herrian, adibidez, Petronorrek lantegi bat egingo du Bilboko Portuan, hidrogeno berde bidez erregai sintetikoak ekoizteko.

Askok uste dute hidrogenoabide egokia izan daitekeela elektrifikatzeko zailak diren alorrak deskarbonizatzeko; hala deritzo, besteak beste, Europako Batzordeak. Baina hori bakarrik ez, atzo Batzordeak aurkeztutako Hidrogenoaren Estrategiak hainbat jomuga lortu nahi ditu aldi berean. Mix energetikoa dibertsifikatzea, atzerriko energia iturriekiko mendekotasuna murriztea, industria astunari eustea... Frans Timmermas Batzordeko lehendakariordeak eta Kadri Simson Energia komisarioak berriz azpimarratu dute, hidrogenoa Itun Berdearen «funtsezko pieza» dela. Hidrogenoaren Aliantza ere aurkeztu du Batzordeak. Baterien Aliantzaren eredu berekoa, Hidrogenoaren Aliantzak proiektu zehatzak sustatu eta finantzatuko ditu.

Helburuak

Europan, oraintxe, deskarbonizazioaren helburu nagusia 2050. urterako da; urte horretan Batasunak karbono neutraltasuna iritsi behar du, hori da Itun Berdearen goiburua. Ordurako, gaur aurkeztutako estrategiaren arabera, «hidrogeno berriztagarriaren inguruko teknologiek heldutasunera iritsita izan beharko lukete, eta maila handian lanean ibili, deskarbonizatzeko zailak diren sektoreetan».

Aurretik beste bi fase leudeke. Lehen urratsean, lau urteren buruan egungo hidrogeno ekoizpena deskarbonizatu nahi du Batzordeak, eta hidrogeno «garbiaren» beste aplikazioak sustatu. 2024rako, hidrogeno berriztagarrirako sei gigawatt elektrolizagailu egon beharko lirateke instalatuta —gaur egun, gigawatt bakarra dago instalatua Europan—; hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenak milioi bat tonatik gorakoa izan beharko luke.

2025etik 2030ra artean, elektrolizagailuen kapazitateak 40 gigawattekoa izan beharko luke eta ekoizpenak hamar milioi tonatik gorakoa. Ordurako, Batzordearen ustez, hidrogenoa erabiliko dute besteak beste, altzairugintzan, kamioietan, trenetan eta itsas garraioan.

Hazkundea, lehiakortasunaeta enpleguak

Oraindik ere, kostu aldetik, hidrogeno berriztagarria ezin dalehiatu iturri fosilekin lortutako hidrogenoarekin. Baina elektrolizagailuen kostua %60 txikitu da azken hamar urteetan, eta 2030. urtean gaurko prezioaren erdian salduko dira. Tokian argindar berriztagarri asko badago, hidrogeno berde hori bestearekin lehiatzeko moduan izango da 2030. urte horretan.

Batzordearen estrategiak aurreikusten du 2050. urterakohidrogeno berriztagarrian 180.000-470.000 milioi euroko inbertsioa pilatuko dela, eta balio kate osoan milioi bat enplegu izango direla. 2050 urterako «hidrogeno garbiak» munduaren energia eskariaren %24 beteko luke, eta hidrogeno salerosketak munduan 630.000 milioi eurorenak lirateke.

Europaren lidergoa

Eta hidrogeno berdearen nazioarteko salerosketa horiek eurotan egingo balira, orain petrolioarenak dolarretan egiten diren moduan? Gurari horri buruzko aipamenik ez da izan estrategiaren aurkezpenean, baina gaia ageri zen aurretik isilpean zabaldu diren zirriborroetan. Baterien lasterketan AEBen eta Txinaren atzetik gelditu den Europak lidergoa berreskuratzeko aukera bat ikusten du hidrogeno berdean.

Eta apustu hori jokatu nahi du, besteak beste, Europa gaur egun oso lehiakorra delako hidrogeno ekoizpenean. Europan landu dira gehien hidrogenorekin zerikusia duten teknologiak (elektrolizagailuak, karga geltokiak, erregai pilak...).

Hidrogeno berdean aitzindaritza hartzeak, gainera, Europari erraztu egin diezaioke «energia bazkidetzak» berriz diseinatzea beste herrialde eta zonaldeekin. Eta energia iturrien dibertsifikazioa eta hornikuntza ziurtatzeko ere balioko dio.

Azkenik, giltzarriak diren sektoreei Europan eutsi ahal izateko ere baliagarria izan daiteke —eta hidrogenoaren marketina egiteko ere—. Frans Timmermansek «altzairu berdea» aipatu du aurkezpenean, eta azaldu hidrogeno berdeak klima aldaketaren kontrako borrokarekin bateragarriak den isurketa gutxiko altzairu ekoizpena ahalbidetuko duela.

Merkatua sortzea

Europan kontsumitzen den energiaren %1aren azpitik hartzen du gaur egun hidrogenoak, eta, batez, ere lehengai gisa erabiltzen da kimikan industrian. Kadri Simsonen arabera, orain merkatua sortu behar da, eskaintzaren eta eskaintzaren aldetik. Ildo horretan, proiektu zehatzak sustatu eta finantzatzeko tresna Hidrogenoaren Aliantza izango da.

Hidrogeno berriztagarriaren prezioak garrantzi berezia izango du haren merkatua garatzeko orduan. Gaur egun, hidrogenoak 2,5-5,5 euro balio du kilogramoko.

Gasa eta kolorerik gabeko estrategia

Azken asteetan, Hidrogenoaren Estrategiaren bizpahiru zirriborro zabaldu dira isilpean, eta ikusi da Batzordeak kontu handia zuela zenbait izendapenekin: sektorean kolore desberdinak erabiltzen dira hidrogenoaren ekoizpenak bereizteko: hidrogeno berdea, urdina, grisa... Estrategia aurkeztu berriak ez ditu koloreak erabili; hidrogeno berriztagarria, hidrogeno garbia, karbono isuri txikiko hidrogenoa... aipatzen ditu.

Izan ere, Europako Batzordearen ustez, trantsizio bat izango da, eta hor gas naturalarekin sortutako hidrogenoa ere bultzatu beharko da, besteak beste, «merkatua sortu behar delako».Hidrogeno hori ekoiztean isuritako CO2a lurperatu egingo litzateke.

Energia lobbyen indarra

CO2 isuriak harrapatzeko eta lurperatzeko teknologiak, hala ere, oraindik urrun daudela uste dute gobernuz kanpoko zenbait erakundek, eta Europaren estrategiak gasarekin ekoitzitako hidrogenoa sustatzea energia talde handien lobby-ek egindako presioaren ondorioa dela, haiei atea zabalik uzten zaiela. Corporate Europe erakundeak aste honetan argitaratutakoaren arabera, Europako Itun Berdea aurkeztu eta hurrengo 100 egunetan itun horren arduradunek 151 bilera egin dituzte energia sektoreko enpresekin eta elkarteekin, 11 bilera astero. Eta horiek bilera ofizialak dira,gardentasun arauen arabera soilik maila goreneko arduradunak daudelako bilera horien berri ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.