Angel Erro.
JIRA

Udal igerilekuak

2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Demokraziaren lurrina darie udal igerilekuei, kloro eta eguzkitarako kremarenarekin batera. Aire zabaleko igerileku publikoetan egunotan dabiltzan pertsona guztiak ditut aberkide, lodiak zein gihartsuak, gazteak eta zaharrak, eguzkiak belztuak ala elurra bezain zuriak, bai gordinkeriei espantu handiarekin barre egiten dietenak nola liburu itxuraz serioetan murgildurik daudenak. Arrazoi berberagatik, etsai ditut, funtsean jendailarekin ez nahasteagatik (agian bere buruari aitzakia edergarriagoak eman arren), uda osoan udal igerileku bakar batean ere hankarik sartuko ez dutenak, egunen batean, beharbada, adiskide baten urbanizaziokora edo hondartza bakarti batera joatea nahiago dutenak. Gerra deklaratzen diet.

Bizi naizen hirian hogei bat udal igerileku daude eta aurten jakin dut haietako edozeinen abonamendu txartelarekin guztietara sartzeko eskubidea dudala. John Cheeverren Igerilaria ipuinaren protagonistaren irrikak jo nau. Piszinaz piszina ibai zeharkagarria osa dezaket. Piszina pribatuek (Cheeverrek iradokitzen du narrazioan) norberaren etxeraino eramaten dute. Nire erronkak beste nonbaitera bideratuko nau, jakin ez arren norantz. Argi dut, berriz, nondik aldenaraziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.