Efemeride biribila izan gabe, asko hasi da orain 22 urteko Miguel Angel Blancoren erailketa gogoratzen, baita euskaraz ere. Iñaki Larrañagak hemerotekaren esteka ere itsatsi du, bahiketa eta ultimatumaren egunekoa. Zortzi urte zituen berak orduan. Nik, ohartu naiz, hamaika urte gehiago (neure burua mutil gazteagoen, batez ere guapoen, adinkidetzat jotzeko autoengainuan labaintzen naiz gero eta maizago). Ordurako, gida baimena atera berria nintzen. Badakit Zestoako bainuetxeraino joan nintzelako autoz, gurasoen bila, bide berrian beharrean (irteeraz okertuko nintzen beldur), mendateko kaminoan zehar. Gurasoek gau baterako lolekua hartu zidaten. Oroitzapen faltsua izan daiteke iritsi eta gurasoek Blancoren heriotzaren berriarekin jaso nindutenekoa. Datak begiratuta beranduago jakin genuen. Gogoan dut ama putakumeka hasi zela, inoiz baino suminduago. Horrelakoetan, gauzak testuinguruan jartzen saiatzen nintzaion, unibertsitatekume baten handiustearekin. Orduz gero, utzi nion amari testuinguruak azaltzeari.
Gogoan dut, nire euskaldun berri-berriaren lotsarako, jangelako zerbitzari dotoreak euskaraz hitz egin zidala, amak hartaratuta, eta horrek sortu zidan inpaktua, euskara bestelako egoerei lotzera ohituta.
    
    
        
        
             
    
                                
    
                                                                                JIRA
                        
                
                            Testuingurua
                Iruzkinak
            
            
                Ez dago iruzkinik
            
        
                    Ordenatu
                    
                
            