Angel Erro.
JIRA

Dagoeneko

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dagoeneko ez da alderdi bakarreko tema. Dagoeneko hainbat autonomia erkidegotan gehiengoa osatzen duten eta igandean Espainiako Gorteetan ere gehiengoa osa zezaketen eskuineko hiru alderdien tema da. Ez zen izanen, dena den, lehendabiziko aldia. Dagoeneko alderdi bat legez kanpo utzi zuten. Hurrengorako, ematen du, helburuak zabaltzeko asmoa dutela. Aspaldian zaharkitu zen indarkeriaren kontra borrokatzeko aitzakia. Ez da, esan ohi denez, mahai gainean hildakorik behar dagoeneko. Madrilgo erkidegoko parlamentuan onartu duten adierazpenean «Espainiako batasunari erasotzen dioten alderdi separatistez» ari dira. Biktima Espainia da. Errudunak, haren batasuna auzitan jartzen duten guztiak. Hurrengo egun eta hilabeteetan (daramagun norakoan eta abiadan ez izan zalantzarik) ikasiko dugu nola aplikatzen duten eta, batez ere, zer eginen duten alderdi horiei botoa ematen dieten hiritarrekin, jendeak, gatazkek bezala, ez ohi duelako bere kasa desagertzeko joera berezkoa, dekretuz aginduta.

Aitor Estebanek agurra ukatu zion Voxeko ordezkariari, hark EAJ ilegalizatuko zuela iragarri ostean, telebistako debate batean. Beste alderdiak isildu ziren. Dagoeneko hiru leudeke ados. Benetan erreakzionatzeko garaia hurbilago da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.