Angel Erro.
JIRA

Kalkuluak

2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gogoan dut txikitan kalkulatzen genuela zenbat urte izanen genituen mende berrian sartzean. Oso urruti iruditzen zitzaizkigun emaitza eta 2001. Orduz geroztik nire adinari uzten diot urtero harritu nazala kopuru berri batekin, nik ezer aurreratu gabe. Halere, haurtzaroko kalkulu bera errepikatu behar izan dut Vladimir Putinek atzo sinatutakoa bere tamaina guztian ulertzeko. Errusiako lehendakaritzan 2036ra arte jarraitzeko lege aldaketa egin du. Lehenago ere egina zuen. Luzapen berriarekin, 58 urte izanen ditut Putinek (baldin eta berriro gauza bera egiten ez badu edo ortodoxoen jainkoak bere ondora deitzen ez badu) agintea uzterako. Putinek berak, 84. Gazte, autokrata batentzat.

Ohartu naiz, nik hemen bezala, berria ikusi dudan toki guztietan ez dutela ahalezkotzat jotzen. Esaten dute Putinek 2036ra arte presidente jarraitzeko legea sinatu duela. Gutxi gorabehera. Ez balitekeela. Edo hautagaia izateko aukera izanen duela. Inork ez du galtzerik irudikatzen.

Ez da harritzekoa, albistegi berean Alexei Navalni aurkaria (lehenago pozoitu eta gero espetxeratua) gaixotu eta bere medikua atxilotu dutelako notizia eman dutelako. Berak ere bere kalkuluak eginen ditu, laburragoak, kartzelatik bizirik ateratzeko aukerez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.