Angel Erro.
JIRA

Itsasoa sutan

2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Apokalipsiaren hurrengo liburuan ongi geldituko dira gertatzen ari diren eta ia oharkabean pasatzen ari diren zenbait gauza. Paradoxa bitxienak begien aurrean eduki ditzakegu eta bekaina apenas jaso gabe orri-pasa egin eta hurrengo notiziara jotzen dugu, edo telebistako urruneko kontrolari eragin eta benetan harritu gaitzakeen zerbaiten bila etsituki hasi.

Itsasoa sutan has zitekeenekoa, egunotan hainbat iruditan ikusi izan dugunez, poesiaren alorrari zegokion. Badakizue, beharbada ostertzean eguzkiak sartzean ur-zeruetan eragindako ilunabarreko kolore garreztatuei egiteko erreferentzia. Edo ezinezko zerbait adierazteko, adynaton deitzen den figura erretorikoarekin: Soñé que la nieve ardía jota nafarrean bezala.

Halakoa ikusi dugu, poesia eta hiperbolerik gabe, Mexikoko golkoan. Irudiari indarra edo surrealismoa gehitzearren, ur gaineko suteari ura botatzen zioten zisterna-itsasontziak ere ikusi ditugu. Ez dakit zer gertatuko zen hura bota gabe, zabaltzeko arriskua ote zegoen, eta noraino.

Notiziaren azalpenean itsaspeko gasbide batek eragin duela dio. Logika zientifikoa du, beraz, nola ez, gertatutakoak. Irudia, berriz, ez dagokio inolako logikari eta erretinan gordeko zaigu erabili beharko dugunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.