Albistea entzun

'Kanal lehorra' Iraken eta Turkiaren artean

Irakeko Gobernuak Persiar golkotik Turkiako mugara iritsiko den trenbide bat egingo du abiadura handiko trenarentzat, 1.200 kilometrokoa, 17.000 milioi dolarren truke. Herrialdea garatzeko gakoetako bat izatea nahi dute agintariek.
Bagdadeko tren zahar bat, 2008an.
Bagdadeko tren zahar bat, 2008an. HADI MIZBAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko uztailak 18

Gerraren eta gatazkaren zulo beltza atzean uzten ari da gutxinaka Irak. Urte luzez gerrak baldintzatuta egon da herrialdea eta, beraz, ekonomia, eta guztiz etenda egon da garapena. Azken urteetan, baina, etengabeko gatazka horrek indarra galdu du, eta giro bare samar hori aprobetxatzen ari da. Horren seinale da maiatzaren amaieran Irakeko Gobernuak iragarri zuen proiektua: abiadura handiko tren batek herrialdea alde batetik bestera zeharkatuko du, Persiar golkoko urak Turkiarekin konektatuz; Garapenaren bidea izango du izena.

2029rako amaituta egotea espero dute, baina baliteke luzatzea. Izan ere, proiektuak Kurdistandik igaro behar zuen hasieran, baina bi arrazoirengatik ez du hala egingo, Irakeko lehen ministroaren bozeramaileak azaldu zuenez. Lehenik eta behin, inguru menditsua da Kurdistan, eta kostuak handitzeaz gain, proiektua atzeratuko luke. Bestalde, Kurdistango eskualde autonomoko agintariek aurrez esan zuten trena ez zela beren lurretatik igaroko.

17.000 milioi dolarreko kostua izango du proiektuak, eta 1.200 kilometro inguruko trenbide bat egingo dute hego-ekialdetik iparraldera. Abiadura handiko trena izango da, eta, merkantziak garraiatzeaz gain, pertsonak garraiatzeko trenak ere egongo dira, herrialdeko mugikortasuna bultzatzeko. Orduko 300 kilometro hartzeko moduko trenak izango dituzte.

Garapenaren bidea izena, hain zuzen ere, azpiegitura horrek izatea nahi duten eginkizun estrategikoagatik eman diote. Zetaren bidearen antzeko izen bat aukeratu dute, bide sare horrek iraganean izan zuen inportantzia berretsi nahian.

Suezko kanala

Herrialdea iparraldetik hego-ekialdera zeharkatuko du trenbide berriak, petrolio hobi ugari dituen eskualdeak Turkiarekin lotuz. Kanal lehorra ere izendatu dute, eta Ekialde Hurbilean garrantzi handia hartzea espero dute, Suezko kanalari lehia eginez. «Garapenaren bidea ez da merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko bide soil bat. Bide horrek garapenaren atea zabalduko die Irakeko eremu zabalei», adierazi zion maiatzean Reuters informazio agentziari Farhan Al-Fartousik, Irakeko Portuen Konpainiaren zuzendari nagusiak. Garapenari bultzada emateaz gain, bide komertzial berriarekin eskualdeko herrialdeen arteko kooperazioa ere bultzatu nahi du gobernuak.

Trenbidea, baina, ez da garapen horretan gobernuak bultzatu duen proiektu bakarra. Irakek kostalde murritza du, Persiar golkoan dagoen Faw penintsulan bakarrik baitu itsasorako sarbidea, baina ondo baliatzen ari dira, portu handi bat eraikitzen ari baitira han. Grand Paw Port izena du, eta Asiaren eta Europaren arteko merkantzia trukean puntu garrantzitsuenetariko bat izateko helburua du. Gutxinaka ari dira eraikitzen, baina olatu hormak amaituak dituzte. Munduko hormarik luzeena da: 14,5 kilometro luze da.

Merkataritzari bultzada emanez, ekonomia dibertsifikatzeko asmoa ere badu gobernuak. Izan ere, petrolioa da Irakeko ekonomia mugitzen duen lehengaia, BPG barne produktu gordinaren %42,8 izan baitzen 2021ean, Munduko Bankuaren arabera. Hori dela eta, erregai fosilen menpekotasuna apaldu nahi du gobernuak; herrialde garatu asko egiten ari diren trantsizio ekologikoak nahi hori handitzen du, gainera.

Ekialde Hurbileko arazoa

Trena ez da Iraken hedatuena dagoen garraiobidea; ezta Ekialde Hurbilean ere. Irakek 2.400 kilometro trenbide inguru ditu gaur egun, milioi bat biztanleko 52 kilometro. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, 120 bider trenbide kilometro gehiago dituzte, 293.000 kilometro. Txinak 131.000 kilometro trenbide ditu, 87.000 Errusiak eta 78.000 Kanadak.

Trenbide kilometro gehien duten herrialdeen zerrendan 23. postura egin behar da behera Ekialde Hurbileko lehen herrialdea ikusteko : Turkia (10.000 km). Iran dago ondoren, 25. postuan, eta Saudi Arabia doa gero, 36. lekuan. Hala ere, eskualdeko hainbat herrialde gero eta trenbide gehiago egiten ari dira, Saudi Arabia batez ere: Meka eta Medina hiriak lotzen dituen abiadura handiko trena horren adibide da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

afarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea Landabengo fabrikaren aurrean ©Idoia Zabaleta (Foku)

Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez

Jokin Sagarzazu

Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.

Emakume bat etxebizitza iragarkiei begira, Bilbon. ©Luis Tejido / Efe

Hipoteka gutxiago eta txikiagoak

Iker Aranburu

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.

Ertzaintzaren errepide kontrol bat ©Andoni Canellada (Foku)

ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»

Jokin Sagarzazu

Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.

Petronorrek Muskizen duen findegia. Hidrokarburoen ekoizpena industria kimikoaren barruan sar daiteke. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Kimika, osagaiak nahastu ezinda

Imanol Magro Eizmendi

Industria kimikoaren patronalaren arabera, ezin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmena negoziatu, Espainiakoak eragotzi egiten baitu. Sindikatuek, aldiz, legezko arazoa bainoago borondate kontua dela diote. Espainiako hitzarmeneko soldata txikiena urteko 16.892 euro gordinekoa da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...