Angel Erro.
JIRA

Hirurehun euro

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Frantziako gobernuak (zehazki ez dakit nola) hirurehun euro eskaini omen die 18 urteko gazteei kulturan gasta dezaten. Baten bat kexu agertu da (azkengabea da apokaliptikoen nonbrea) gazteek «kulturarako emandako» zenbatekoa komiki eta manga liburuetan xahutu dutelako, zera aditzera emanez bezala, badakizue. Eztabaida zahar eta zaharkitua, nire ustez gainditua, da komikigintza ere kultura ote den. Naski bada!

Hegoalde honetan ere kultur bonuak egon dira, bestelako baldintzekin bada ere. Zoritxarrez, nik uste, ez da jakinarazi zertan xahutu den, zer kultur ekoizkinetan, poema liburuetan ala diskoetan... Interesgarria litzateke orobat gazteek, aukera libre dutenean, zer hizkuntzatan kontsumitzen duten jakitea, ez inori kargu hartzeko, jakingura ia zientifikoagatik baizik.

Beste kontu batek ere pizten dit ikusmina. Gurean, gure adinekoen artean, alegia, hirurehun euroko kultur txartel bat eskaini eta zenbat ez ote ziren taberna eta jatetxeetan erabiltzen saiatuko, arrazoiz saiatu ere, hain sakon barneratu nahi izan digute gastronomia ere arte goren bat dela eta hainbestetan entzun dugu aipatuta ardoaren kulturarena eta abar, hitza urtzeraino.

Ez, izatekotan, ez dira komikiak kultura arriskuan paratzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.