Badute Iruñeko udaltzainek misterio bat argitu beharra. Nork, eta batez ere zergatik, jarri duen zakil formako estatua bat Lezkairu, Arrosadia eta NUPen arteko pasabideko plazatxoan. Itsumustuan kendu dute.
Hobe zuten zuhurtasunez ibiltzea. Erroman horrelako oroitarri falikoak zorte onaren amuletoak izaten ziren. Begizkoaren beldur ez dira, agidanez, udal langileak zakil alimalekoa (1,5m x 0,8m) garabiarekin kendu eta udal biltegira eraman dutenean. Nire ustez, lehenago argitu beharko zuten gain behera den patriarkatuaren defentsa etsia ala nagusi den patriarkatuaren kritika zolia ote den (kasu batean hor mantentzea hobets zezaketen).
Neurri batean estatua guztiak falikoak dira, eta botere kontsolidatuaren zakilei gorazarre egiten diete, nola frogatzen baitu batzuetan formak berak, besteetan oroitarriak eraikitzeaz jarduteko erabiltzen den erdal aditzak.
Ikerketaren beste lerro bat izan liteke hortik bi biribilgunera jarritako Joan Paulo II.aren estatua konpentsatu nahi izan ote duten. Agintariak izututa irudikatzen ditut, horrelakoak modan jarriko ote diren. Osasunako kirolarien pop irudiak gauez margotzen dituen Banksy forala baino arriskutsuagoa da hau. Honi ez diote erakusketarik antolatuko.

JIRA
Estatua deseraikiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu