Angel Erro.
JIRA

Kartzelako lana

2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bertso txapelketetako ariketa bidezkoenari izena aldatu behar omen diote. Aldatu nahi diote; oso litekeena da tarte batez bi izenak, tradiziozkoa eta berria, aldi berean erabil daitezen kalean, non eta norekin aritzen zaren, erregistro kontua bihurtuta. Ez ahal da bereizketa ideologikoa egiteko tresna bihurtuko! (Bertso munduan horrelakorik gertagarria bada). Orduan jai du bai kartzelak eta bai ganbarak. Baina beharbada ez dago beste modurik hitz ordezkapena burutu dadin.

Ariketak aurrerantzean izanen duen izen ofiziala jakitera eman denean, baina, aurrekoarekiko konfrontazioa saihestu da, izen berriak ariketaren izana hobekien nola islatzen duen lirikoki aletzera mugatuta: «Ganbarak goxotasuna eta isiltasuna iradokitzen ditu, oroitzapen politekin lotua». Izen dotorea da ganbara, dudarik ez, zuria, eufonikoa; nori ez zaio gustatuko, bertso ariketa zehatz horren funtzionamendua lausoago irudikatu arren?

Haren hautua hartu zeneko brainstorming bilera ikusteagatik ordainduko nuke, euskarazko Netflix-erako harpidetza bat-edo. Zoritxarrez, baztertutako beste izen posibleen zerrenda noiz filtratuko, besterik ez dugu. Sabai hitzak aukeraren bat izan zuen? Egon zen ganbara eta ganbera nahastuko zuenik, nik bezala?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.