Angel Erro.
JIRA

Doako jirak

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Zaila da free tour direlakoen inguruan fribolizatzea. Hasteko eta behin, oso aukera handiak daudelako zure solaskidea atzerrian (atzerriko edozein mailatan) doako jira horietako batean, garai batean ikustaldi gidatua deituko zitzaioneko batean ibili izana, gustura ibili ere, eta aukera emanez gero zu ere halako batean parte hartzera animatzeko prest egotea.

Izenak kontrakoa adierazi arren free tour direlako horiek doakoak ez izateak ez omen du inor harritzen, ez atzera eginarazten, ekonomiaren hatsarre funtsezkoenei nik baino hobeki antzematen dietela aditzera emanez. Kontrakarrean, nik artaldekeriaren funtsa sala diezaieket, ezagutza eta gozamena nork bere gisa aurkitzeko pozari bide eman nahi eza. Ez nago ni guztiz libre hoben horretaz, baina bi ordu jarraian zutik egon ezinak errazten dit besteena identifikatzen eta bertan ez erortzen. Ahulguneek ahalduntzen gaituzte.

Behin, zirtolari izan nahian, adiskideek eta ezezagunek osatutako lagun-talde batean zera bota nuen: nik free tour batean parte hartzekotan neure hirian eginen nukeela. Erantzuna ez zen nik espero bezalakoa izan, batzu-batzuk dagoeneko gauza bera egina zutela hasi zirelako, zenbat ikasi zutela goretsiz eta oraindik egin gabekoak ere egitera adoretuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.