Hemendik hilabete batera hauteskundeak daude Argentinan, eta nik, bertako politikaren inguruan dudan nire ezjakintasun patagonikoari entzungor eginez, iragarpen bat eginen dut. Ni ez naiz iragarri eta desiratzen duenaren artean nahasten dutenetakoa. Alde horretatik, ia orakulu negatibo bat naiz, nahi dudana urritan bete ohi delako.
Argentinako presidentea izateko hautagaienartean bada bat azkenaldian ezaguna egiten hasi dena, eta egun ezaguna izatea berez da onuragarri. Izena ezagutu aurretik (Milei du deitura), aurpegia jarri diogu, bideoetan azaldu da, muturreko adierazpenak (eskuin-muturrekoak, jakina) eginez. Irri egin diote itxurari. Mod estiloko jarraitzaile zaharkitua ematen du. Hor hasi nintzen kezkatzen. Ez dago halako patroi bat orrazkera bitxi eta jarrera politiko jakin baten artean? Nabarmentzeko gogo disimulatu gabeak ohiko arauetatik ateratzeko ausardia bermatuko balu bezala. Politikoki eta estetikoki ezegokia aukeratzeko tenorean hautesleek huts egin ez dezaten. «Hau da gurea».
Sinetsita nengoen Boris Johnson, Donald Trump, Silvio Berlusconiren garaia pasatua zela. Beren misioa bete dute. Honaino ekarrita. Ongi orraztutako ordezkariek osatuko dute lana. Nago Milei epigonoa izatera doala.

JIRA
Nire legea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu