Angel Erro.
JIRA

Amodiorik ez

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Gauzak zer diren. Ekainaren 28an, herenegun, hain lanpetuta ibili nintzenez, ahaztu zitzaidan LGTBQ Harrotasun egunari buruzko zutabe nahitaezkoa egitea. Hau diot zertaz mintzo ez zaren esanguratsua izaten baita. Badaezpada. Iritzirik eman ez izanak kanpotiko mezuetara iragazkorragoa egin nau. Ortzadarreko banderaren inflazioak erabilera folklorikoaren susmoa piztu dit. Ikustea besterik ez dago Albiol bezalako eskuindar muturrekoak argazki bat plazaratu duela elkartasunezko mezu batekin. Ez dago telebista saiorik keinu txikiren bat egin gabea. Erakundeak ere batu dira. Batzuk bideo, afixa eta mezu hunkigarriak lau haizeetara zabalduta. Eta nik, jainko agrafo baten gisara, guztia ongi egina zegoela ikusi dut.

Ongi edo. Lelo usuenetako xehetasun batek kirrinka egin dit. Pasatzen utziko nuke, gero eta maizago agertzen den mezu nire ustez ez errugabea ez balitz. «Maite duzuna maite duzula». «Maitatzea ezin baita ilegala izan». Ni inorekin maiteminduta egon aurretik ere gay nintzen. Eta ondoren izanen. Norbait(zu)ekin larrua baino ez badut jo nahi, orduan ez da nire aukera lelogarria? Heteroarauaren binakakotasun sakratu, amodio erromantikoaren mamuarekin kontuz! Ez dadila izan gizarteratuak izatearen ordaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.