Ordenagailu berri batetik ari natzaizue. Aurrekoari teklatua hondatu zitzaion egun batetik bestera. Zaharra zela esanez aurkitu dut zuriketan neure burua. Atzerako kontua egin, eta ez zen hain zaharra ere. Garantia epea nekez gainditzen dute orain gailu gehienek. Lagunekin hortaz hitz egin dut. «Gero eta sinetsiago nago gauzak hondatzeko egiten dituztela». Zaharkitzapen programatuaz ari gara. Frantzian kartzelaz zigortzen hasi direla. Gehienok ez dugu salaketa helburu, garantia aurkitzearekin aski. Eta geure burua ez engainatzearekin.
Ordenagailu eramangarri berri batetik ari naiz. Ez duzue alderik topatuko. Nik ere ez. Horrek harritu nau. Bost minututan ohitu naiz berrira. Garai batean, pentsaezina. Gero eta trauma gutxiago eragiten du zeraz aldatu beharrak. Konektatu, ia berez sinkronizatzen dira aurretiko datuak. Uste zenuen ordenagailuan zenituela zure gauzak, baina gehienak aplikazioetan dira, hodeian, sisteman. Pasahitza ahaztu baduzu ere, ez du axola. Ez dakit nola, nire testu prozesadorearen izkinatxo batean nire izena dager. Ordaindutako fakturak arinago ematen du horrela.
Trepeta elektronikoen zaharkitzapen programatuaz ari gara, baina beldur naiz ez ote garen gu programatzen ari direnak.

JIRA
Bezero programatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu