Angel Erro.
JIRA

Hozketa globala

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hotz bolada bat klima aldaketa auzian jartzeko baliatzeak txisterako balio dezake, baina jendartean hedatu (nahi) duten nahasmen bat errotzeko bidea da. Beroketa globala deitzeak ere ez du laguntzen. Planeta berotzen ari bada eta hotz ikaragarria egiten badu, bietako batek faltsua behar du, eta nori sinetsiko diet, zientifikoei ala nire zentzumenei?

Modako hitza erabilita esatearren, negazionismo guztiek berdin funtzionatzen dute. Zientziak esandakoari norberaren iritzi-zentzumen-sentimenak lehenestean datza. Zientzia, gainera, susmagarri bihurtuta. Berdin dio eguraldiaz ari garen, euskararen jatorriaz edo planetaren formaz. Sakon aztertzeko moduko kontua da. Zergatik da horrela? Noiz hasi zen? Zientzia iraultzailetzat eta kontrakorrontekotzat hartua izateari uztean?

Batzuetan, dena den, argi dago zer dagoen ukatzaile jardun honen atzean. Ez da txiste erraza, ez da ezjakintasuna (askotan muga lausoa den arren), interes ekonomiko epelaburristek gidatutako ezikusi nahia baizik. Aragoiko presidenteak orain gutxi erakutsi bezala, txio batean aditzera emanez eroritako elurrak klima aldaketa gezurtatzen zuela.

Jendeak tontotzat jo du Javier Lamban, jakin gabe eski estazioak ireki nahian dabilela Teruelen eta Huescan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.