Angel Erro.
JIRA

Udatea jomugan

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Uda honetan, dagoeneko begien bistan dugun uda honetan, zorrotzagoak izan beharraz abisatu digu Iñigo Urkulluk. Iaz baino zorrotzagoak. Abuzturako ditugun egitasmoez mintzo, lagun batek telefonoz iradoki dit EAEko lehendakariaren hitzetan ez ote dagoen gozamen sadikoaren tantaren bat. Nik areago ikusten dut Aste Santuko laxotasunaren osteko kontzientzia txarraren itzala, pentsamendu katolikoan oinarritua, non gehiegikeria guztiek bere penitentzia baitakarte, maiz ontzeko asmoarekin edo ondu nahiarekin, hots, hurrengoan bekatu ez egiteko intentzioarekin, aski den arren. Ikusi beharko ditugu uda honetako neurri zorrotzago horiek!

Iruñean, berriz, sanferminetako jaiak ere dagoeneko begien bistan ditugun arren, Maia alkatea duda-mudatan omen dabil, festak bertan behera utzi gabe. Baionakoak, Iruñekoen doppelganger zuri-gorriak, bai gelditu dira bertan behera, beranduagokoak badira ere. Jendea errezeloa hartzen hasi da Iruñeko alkateak zer untxi mota atera nahiko duen kapelatik. Nik aspaldian egin nuen apustu jende normalarentzako meza solemneen alde eta peña zikin horiek gabeko zezenketen alde. Pandemia honek politikariei balio die beren amets bustietan (dela autoritarismoa dela bazterketa) sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.