Angel Erro.
JIRA

Hilabetea

2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Laster batean joan zait abuztua, gertakariez eta idatzi gabeko zutabeez betea, haiek ongi asimilatzeko ia denborarik gabe. Normala, nahasi bazaizkit gogoan.

Charlie Watts, The Rolling Stoneseko bateria jolea, hil da, eta bertsolari ohi batek txakur deitu dio arta intentsiboetako mediku bati. Cristiano Ronaldo Manchester United-era itzuli da, baina Onlyfans plataformak eduki pornoa onartzen jarraituko du. Voxek zioen Federico García Lorcak Voxi emanen liokeela botoa, Voxi ere botoa emanen lioketen beste batzuek hil zutenetik 85 urte betetzen zenean. Oskorriko kanta bat abestu du Indiako emakume batek Dubain. Olinpiar Jokoak izan dira (oraindik ari dira, paralinpiarrak) eta argindarraren prezioak errekor guztiak hautsi ditu (oraindik ari da errekorrak hausten). Lionel Messi Barçatik joan da eta Afganistanetik azken soldadu amerikarra. Dagoeneko inor gutxik gogoan duen lurrikara izan da Haitin eta urakan bat New Orleansen. Hildakoak Atlantikoan eta Mediterraneoan. Santutxun txalo egin diote ETAko preso bati eta gudari talibanak autotxokeetan igota ibili dira fusila eta guzti. Peruko presidente berriak kitxuaz hitz egin du kongresuan eta txertoaren hirugarren dosia aztertzen ari dira herrialde aberatsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.